Eskaera bateratua aurkeztu dute EH Bilduk eta PPk Artziniegako Museoa dela eta. Bi alderdien aburuz, “urte hasieran udala eta Artea elkartearen arteko kontaktuak ematen hasi zirenetik nekez eman dira helburua lortzeko pausu eraginkorrik, ezta hurrengo lau urteetarako lankidetza hitzarmena onartzeko ezta lizitazioa ateratzeko”.
Gauzak hala, EH Bildu eta PPren ustez, datozen hilabeteetan Artziniega Museoa ateak ixteko arriskuan egon liteke. Horren aurrean, “denboran luzatzea” egotzi diote udal gobernuari. “Urrian prest egon beharko litzateke lizitazioa urtarrilean Artziniega Museoko ateak lizitaziotik esleitutako enpresarekin ireki nahi badira”.
Ekainaren 7an eginiko bilera aipatu dute PP eta EH Bilduk. Bi talde politikoen arabera, bilera horretan EAJk ez zuen errespetatu aurreko informazio batzarrean adostutakoa eta ez zion Arteari -museoa kudeatzen duen elkarteari- landuko zen edukia aurretiaz helarazi, “alkateak berak hala hitzeman arren”.
Oposizioko taldeen ustez, udal gobernuak du “elkarrizketa eta konpromisoak bukaera eta epe egokira eramateko ardura nagusia”. Horregatik, “bilera-egutegia arintzea” eskatu diote, “irailean lankidetza hitzarmenaren eta gida-zerbitzuaren lehiaketarako baldintza-agiriaren akordioa eginda izateko”.
Alkatearen erantzuna
Iñigo Gomezek, bere aldetik, pausoak ematen ari direla nabarmendu du Aiaraldea hedabideari eginiko adierazpenetan. Museoaren aferaren nondik norakoen inguruan mintzatu da Artziniegako alkatea. “Artea elkarteak kontratatzen du museoko gida zerbitzua. Aurten zerbitzu horren prezioan igoera bat jazo da, lan-hitzarmenaren aplikazioa dela eta”.
Horretarako bildu dira elkartea eta udala, igoera horri nola aurre egin aztertzeko. Gomezen aburuz, hainbat aukera jarri dira mahai gainean. Udala museoaren abal-emailea izatea proposatu zen, baina alkateak baztertu egin du aukera hori, tokiko erakundeak funtzio hori bete ezin dezakeela argudiatuta.
Museoaren balizko publifikazioa
Beste aukera bat izango litzateke museoa publiko bilakatzea. Hau da, udalarena izatera pasatzea.. “Baina kasu horretan piezak udalari lagatzeko formula bat pentsatu beharko genuke”, nabarmendu alkateak. Museoaren eraikina tokiko erakundearena da, eta instituzio hori arduratzen da bertako mantenuaz. Bertan ikusgai dauden piezak, baina, Artea elkartearenak dira.
Elkartearen eta udalaren arteko jabetza partekatuaren formula ere aztertzen ari dira, Gomezen arabera. “Fundazio bat sortuta egin ahalko litzateke hori”.Hala ere, gida-zerbitzuaren prezioaren igoeraren aurrean, behin-behineko beste soluzio bat planteatu dute: aurten saldutako sarreren dirua museoaren esku geratzea.
Gaur egun, museoak 30.000 euroko diru-laguntza jasotzen du Eusko Jaurlaritzatik eta 35.000 eurokoa Arabako Foru Aldunditik. Udalak, aldiz, 29.000 euro ematen dizkio, baina sarreren dirua bere esku geratzen da (15.000 euro inguru, alkatearen esanetan). Horregatik planteatu dute behin behineko konponbide hori. “Urtero 110.000 euro inguruko kostua dakar museoa kudeatzeak”, adierazi du Gomezek.
Gauzak hala, “oreka bat bilatzea” da instituzioaren helburua. “Aukera jasangarri bat bilatzen ari gara, museoa berez defizitarioa dela jakin arren”.