Iragan astean bilera eign zuten Mateo Lafraguak, Jesus Lozak (EAEko Espainiako Gobernu ordezkaria) eta Rosa Maria Trinidadek (Stop Accidentes elkarteko kidea). Hitzorduan Mateo Lafragua artziniegarrak azaldu zien zergatik osatu zuen txostena errepideetako konkorrei buruz.
Lafraguak nabarmendu zuen erakunde publikoek ez dituztela legeak betetzen eta arazoak ez dituztela konpondu, hainbat konpromiso iragarri arren.
Berez, Artziniegakoak uste du larriadi zerbitzuetan eragozpen handiak sortzen dituztela konkorrek eta legearekin bat ez dutela egiten trafiko elementu horiek. Horregatik, bere aburuz, bestelako sistemak erabili beharko lirateke bideetan, abiadura moteldu dezaten ibilgailuek.
Pozik bilerarekin
Artziniegarrak azpimarratu du Jesus Loza medikua izateak garrantzia handia izan duela. Izan ere, Espainiako Gobernu ordezkariak eskumenik ez badu ere, interesa erakutsi du; eta bere asmoa bilera bat bultzatzea da; Mateo Lafragua eta Espainiako Gobernuko Sustapen Ministerioa elkartzeko.
Hori ez ezik, Jesus Lozak ziurtatu du ahal duen guztia egingo duela artziniegarraren lana zabaltzeko. Zentzu horretan, Lafraguak Sanchezek ekainean hautatu zuen ordezkariaren jarrera eta enpatia eskertu ditu.