Erdi Arora itzuliko da Artziniega irailaren 15ean. Orain arte, herritarrek, elkarteek eta udalak antolatzen zuten azoka. Aurten, baina, bilera irekia deitu zuten ekintza prestatzeko, baina ez zen inor azaldu. Hori dela eta, tokiko erakundeak hartu du bere gain ekintzaren prestaketa osoa.
Iñigo Gomez alkateak azaldu duenez, goizean goizetik artisauez beteko da Alde Zaharra, gaueko bederatziak arte. Kale animazioa ere egongo da, Builaka batukadaren eskutik, besteak beste. Arratsaldean, berriz, kale antzerki ibiltaria egongo da: “20 minutuko ikuskizuna eskainiko dute Alde Zaharreko hainbat tokitan”.
Berrikuntza ugari
Alkatearen esanetan, ez da hori izango aurtengo berrikuntza bakarra: “Erdi Aroko damen inguruko erakusketa ekarriko dugu, eta jendeak lehengo lanbideak ezagutzeko parada izango du: zaldiekin lan egingo du errementari batek zuzenean kalean bertan, ardiei ilea moztuko diete...".
Umeen eskaintzan sakontzeko ahalegina egin dute. Goizean, esaterako, poniak egongo dira, "animalien gainean ibiltzeko". Gainera, giroan buru-belarri sartzeko, Erdi Aroko jantziak eskuratu ahalko dituzte tarte batez, iraganeko janzkera eta bizimodua lehen eskutik ezagutzeko.
Tailer sorta ere prestatu dute, “baita Erdi Aroko dantzak ere”. Ohiko jarduerak ere aurreikusi dituzte: “Alañaren adar erakustaldia, Lafraguaren ekarpena...”. Feria kudeatzeko Nafarbideak enpresa kontratatu dute, “beti bezala”. Izan ere, urteak daramatzate ekimenean postuak jarri eta ekintzak antolatzen. Urtero modura, Aiarako Kuadrillaren babes ekonomikoa jaso du tokiko erakundeak ekimena prestatzeko, baita Arabako Foru Aldundiarena ere.
Iazko edizioaren bideoa: