Jose Ramon Rey artziniegarrak sortu zuen Artzikirola izeneko kirol alternatiboa, bere ikasleekin praktikatzeko helburuarekin. Berdintasuna sustatuko zuen jarduera fisikoa sortzea zen Reyren helburua. Neskak eta mutilak elkarrekin jolasten jarri ditu Artzikirolak, kirol mistoa baita. Egun praktikatzen diren kirol hegemonikoetan ez bezala, Artzikirolean abiadura, koordinazioa eta talde lana dira faktore nagusiak, indarra eta kontaktu fisikoa alboratuz.
Hainbat kirol diziplina uztartzen dituen jarduera fisikoa da Artzikirola, aisialdirako eskaintza izatea helburu. Areto futbol edota eskubaloi zelai batean jokatu daiteke. Jokalariek gomazko baloi bat esku zein oinekin darabilte eta aurkarien atean sartzea dute xede nagusi. Baloia eskutan izanik, ordea, aurkarietako batek baloia duen jokalaria ikutuz gero, honek baloia lurrean utzi beharko du. Gehienez 15 pertsonako taldeak osa daitezke, aldi berean 6 jokalari jolasten daudelarik, atezaina barne. Aldaketak noiznahi egin daitezke, epailearen baimenik gabe eta jokoa moztu gabe.
Hamarkada batean oihartzun handia izan du nazioartean Aiaraldean sortutako jarduera fisiko horrek. Munduko nazioarteko kirol alternatiboen zerrendan sartzea lortu du eta bere aurkezpen bideoak 14.000 erreprodukzio baino gehiago izan ditu:
“Oso positiboa da hemen sortutako zerbait hain urrun ailegatu izana”, adierazi du Reyk. Artziniegatik mundura, Artzikirola Beirut (Libano), Mongolia edota Indonesiara iritsi da. Hego Amerikan ere geroz eta hedapen handiagoa du. Brasilen, Perun, Argentinan, Kolonbian eta Kuban praktikatzen da. Gainera, Jose Ramon Rey Habanako Unibertsitatean eta Mexikoko Chiguaga hirian Heziketa fisiko eta kirol altternatiboen inguruko hainbat kongresutara gonbidatua izan da, besteak beste. “Zoritxarrez, diru falta dela eta, ezin izan ditut bidaia horiek egin”, azaldu du artziniegarrak .
Inor ez da profeta bere herrian
Etxean, baina, ez du horrenbesteko arretarik jaso. Komunikabide handiek, kirol alternatiba gehienei bezala, ez diote jarraipen sakonik egin. Instituzio publikoek ere ez dute interes handirik erakutsi. Jose Ramon Reyren hitzetan: “Malagako gobernuak eta Murtzia eta Valentziako Unibertsitateek jakin-min gehiago izan dute Artzikirolaren inguruan Eusko Jaurlaritzak eta EHUk baino”.
Izan ere, Malagan bada beste kirol-alternatibo bat, Artzikirolak bezala, berdintasuna oinarri duena. “Baloncodo” du izena eta ukondoarekin baloi handi bat kolpatuz jolasten da. Andaluziako Juntak apustu garrantzitsua egin du kirol eskaintza hori sustatzeko.
Katalunian sortu zen “Colpbol”-a ere indartsu dagoen kirol-alternatiboa da. Aurten Espaniako bigarren txapelketa antolatu dute. Lau kirol alternatiba sortu dira azken urteetan Espaniar Estatuan, guztiak Heziketa fisikoko irakasleek sustatuak. Orain guztien artean koordinatzen ari dira elkarri lagundu eta proiektu ezberdinak gehiago indartzeko. Aurrerapausoak ukaezinak dira. Baina, Reyk nabarmendu duenez, “honek aurrera egiten badu, heziketa-fisikoaren munduan mugitzen diren irakasle eta begiralei esker da”.
Geroz eta gehiago
Hedapena geroz eta handiagoa da, kirola praktikatu nahi duen orok interneten araudia bilatu eta praktikan jartzea besterik ez du. “Duela gutxi Almeriako areto-futbol talde baten zorion mezua jaso genuen", oroitu du Reyk, "Hungrian zebiltzan Europako txapelketa bat jolasten eta Artzikirola beroketa fasean sartu zuten”.