Bilera irekia deitu du gaurko Artziniegako Udalak Erretes Tudelako Gizarte Etxean, 18:00etan. Erretes Tudelako, Gordelizeko eta Las Ventaseko herritarrei zuzendutako zita izango da, hiru gune horietako uraren kalitatea izango baitute hizpide.
Atzo alkateak bando bat plazaratu zuen udalerriko hiru zonalde horietako ura edangarria ez dela ohartarazteko. “Kantauriko Urkidetzak eginiko analisiek diote Erretes Tudelako ura ez dela edateko aproposa. Horrez gain, Gordeliz eta Las Ventaseko ura ere ez-edangarritzat hartuko da, prebentzio neurri gisa”, azaldu du tokiko erakundeak.
Gai horren nondik norakoak eta hartuko diren neurriak izango dituzte hizpide gaurko bileran.