“Harro nago agote izateaz, horregatik idatzi dut liburua”

Txabi Alvarado Bañares 2018ko aza. 23a, 13:13
Xabier Santxotena Alsuak urte asko eman ditu agoteen historia ikertzen. / Aiaraldea.eus

Urte asko igaro ditu XABIER SANTXOTENA ALSUAk (Artziniega, 1946) agoteei buruzko historia ikertzen. Erein argitaletxearekin plazaratu berri du eginiko lan guztiaren emaitza: El orgullo de ser agote. Josu Legarretarekin batera idatzi du liburua eta aurkezpen biran buru-belarri sartuta dago orain.

Urte askoko lanaren emaitza da liburua, ez?

Bai, hala da. Ni agotea naiz, eta 50 urte eman ditut dokumentazioa bilatzen. Orain dela bi urte hasi ginen liburua atontzen, aurkeztu berri duguna.

1.000 urteko historia bildu duzue liburuan.

Hala da. Badugu duela mila urteko dokumentu bat. Baina agoteak ez ziren duela mila urte sortu, askoz ere antzinagokoak gara.

Hemen agote gisa ezagutzen gaituzte, baina munduko beste toki batzuetan beste izen batzuekin izendatu gaituzte. Frantzian cangot deitzen gintuzten, “txakur godoa” esan nahi duena. Godoek bataila bat galdu zuten, eta orduz geroztik Frantzia iparraldean egon gara, baztertuak.


“50 urte eman ditut dokumentazioa bilatzen”


Agoteek egurrezko eraikuntzak egitea izan dute ogibide. Okzitanian katarismoa zegoen. Agoteak bertan aritu ginen, jendarteko pertsonarik pobreenak ginelako.

Inkisizioak ere zapaldu gintuen eta bertatik alde egin behar izan genuen 1213. urtean. Hortik ihesean Baionaraino iritsi ziren batzuk. Batzuek Santiagoko Bidea hartu zuten eta tenplarioekin aritu ziren. Beste batzuk Pirineoak barrena iritsi ginen Euskal Herrira. Ursua jauntxoarekin lurretan babestu ginen, eta orduz geroztik gaude hemen.

Oharra: Eduki hau bazkideei esker plazaratu da, Artziniegako Udalak tokiko euskarazko hedabide bakarra ekonomikoki ez babestea erabaki baitu.

Beti izan gara baztertuak ekitaldi erlijioso zein zibiletan.  Ez ginen gerretara joaten eta ezin genuen kargu zibil edo militarrik izan. “Ukituak” geunden.

Elizetan bigarren ate bat egoten zen agoteentzat eta jende apalagoarentzat. Zoko batean geunden beti.

Neurri  gogorrena hilerrietan ezartzen ziguten: kanposantuaren %5a bedeinkatu gabe egoten zen, eta bertan lurperatzen zituzten agoteak, ijitoak, atzerritarrak, buruaz beste egindakoak edota “bizitza arina” izan zuten emakumeak.

Horiek izan dira jendartearekiko izan ditugun ezberdintasunak. Denborarekin agoteek gure nortasun propioa garatu genuen. Leon X. aita santuarengana joan ziren 1515. urtean, berdintasuna aldarrikatzeko. Aita santuak kasu egin zien eskariei, baina hemen ezberdintasunek jarraitu zuten.

Carlos V. erregeari ere berdintasuna eskatu zioten, eta horrek isunak ezarri zizkien agoteak iraintzen zituztenei. Baina alferrik izan zen. Jendeak asko sufritu du, baztertua egon delako. Eskerrak agoteek euren ofizio propioak zituztela. Horrek ahalbidetzen zien hilero ordainsaria jasotzea, hori zen zuten abantaila.


“Egun mantendu izan da agote kontzientzia hori,  gazteen artean, batez ere. Harro sentitzen dira agote izateaz, eta erakutsi egiten dute harrotasun hori”



Hori guztia jorratzen du liburuak. Gipuzkoan ere egon ziren agoteak, baina kanporatze agindua jaso zuten. Liburua ehuneko ehunean dokumentatuta dago. Orain arte ez da horrelako libururik idatzi.

Frantzian bazegoen antrologo bat, Francisque Michel,  1840. urtean agoteei buruzko ikerketa plazaratu zuena. Nafarroan bazegoen ere artxibategietan lan egiten zuen pertsona bat, Florencio Idoate. Badu gaiari buruzko liburu ederra.

Gurea argitaratzen den hirugarrena da, eta baita interesgarriena ere. Ni harro sentitzen naiz agotea izateaz. Orain arte jende nagusiak konplexuak zituen, baina gazte jendeak baditu bestelako pentsamenduak.

Gaur egun zapalduak jarraitzen duzuela esango zenuke?

Orain jendeak bestelako pentsamendua du. Egun mantendu izan da agote kontzientzia hori,  gazteen artean batez ere. Harro sentitzen dira agote izateaz, eta erakutsi egiten dute harrotasun hori. Hori da pozgarriena.


“Agoteen aurkako kanporatze agindua egon zen Laudion”


Ni duela hogei urte hasi nintzen agote izaera predikatzen. Bisita gidatuak egiten nituen... lan hori fruituak ematen ari da.

Aiaraldeko pasarterik jaso duzue liburuan?

Artziniegakorik ez, baina Laudiokoak bai. Agoteen aurkako kanporatze agindua egon zen Laudion, Gipuzkoan bezala.

Liburua aurkezten ari zarete orain. Nola zabalduko duzue eginiko lana?

Artziniegan eta Donostian egon gara, besteak beste. Aurkezpenetan salgai jarri dugu liburua eta internet bidez ere eskuratu daiteke dagoeneko.

Agote izateaz harro sentitzen zarela diozu.

Bai, horregatik idatzi dut liburua. 416 orri ditu liburuak eta amaieran 12 olerki txertatu ditugu, agoteei buruzkoak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide