Bi egunetako egitaraua prestatu dute Artziniegan Euskaraldiaren azkenengo egunetarako. Gaur goizean umeentzako jolasak eta tailerrak egingo dituzte Arteko Gure Ama herri ikastetxeko ikasleekin.
Egun osoko egitaraua
Bihar, aldiz, euskarak Artziniegako kaleetara egingo du jauzi. 13:30ean, Artziniegako Rock Elkartearen laguntzarekin, herriko tabernetatik triki-poteoa egingo dute, frontoitik abiatuta.
14:30ean 100 lagunentzako herri-bazkaria prestatuko dute Otsati elkarteko kideek. Bazkalostean euskal abestiak abestuko dituzte, horretarako abesti-liburuak banatu eta zuzeneko musika eskainiko dute Artziniegako Rock Elkarteko kideek.
17:00etan herriko gazteak euskararen bila arituko dira Artziniegako alde zaharrean barrena Gaztelekutik abiatuko den “Altxorraren bila” jolasean.
Eguna borobiltzeko dantza plaza egingo dute Patxi Perezekin frontoian, 18:00etan.
Zutabea Laudiora
Igandean, abenduak 2, Laudiora joateko deia luzatu diote Artziniegako herritar orori. Artziniegarrek Laudioko Ugarte auzoan dute zutabea osatzeko zita 10:15ean, Aiara eta Okondoko auzokideekin batera.
Oharra: Eduki hau bazkideei esker plazaratu da, Artziniegako Udalak tokiko euskarazko hedabide bakarra ekonomikoki ez babestea erabaki baitu.