Adin guztietarako jarduerak prestatu dituzte Artziniegan neguko oporretarako

Itsaso Arrizabalaga 2018ko abe. 21a, 09:11
Adin guztietarako jarduerak prestatu dituzte Artziniegan gabonetarako. / Aiaraldea.eus

Artziniegako Udalak, herriko hainbat elkarterekin batera, egitarau betea prestatu du Gabon hauetarako, haur, gazte zein helduentzako tailerrak, antzerkia eta kirola ez dira faltako.

Gaztelekuan, esaterako, askotariko tailerrak egingo dituzte: Gabonetako kandela tailerra (22an), makramea (26an), hilografia (27an), Mosaiko ispilua tailerra (28an), barreterapia (urtarrilaren 2an) eta gazte-yoga (3an eta 4an).

Udaletxe zaharrean, berriz, apaingarriak egiteko tailerra (21ean), haurrentzako zientzia dibertigarria (Elur panpina eta Slime 27an eta 28an, hurrenez hurren) eta Gabonetako jakien hondarrekin zer egin ikasteko tailerra (29an). Tailer horietan eta gaztelekukoetan izena eman beharra dago, plazak mugatuak baitira.

Liburutegian ere hainbat ekintza antolatu dituzte, tartean, Artziniegako Rock eskolaren Gabonetako emanaldia, abenduaren 27an 18:00etan. Museoan, bestetik, Los últimos pastores de Sierra Salvada dokumentala proiektatuko da larunbatean, abenduak 22, 19:30ean. Igandean, hilak 23, Ganbara antzerki ikuskizuna eskainiko dute 18:00etan, eta abenduaren 26an Beste txirrindularitza hitzaldia egingo dute, 19:30ean.

Kirola egiteko aukera ere egongo da, horrela, abenduaren 26an pertsona guztientzako ibilaldi zikloturista antolatuko dute. Gabon Gauean, arratsaldez, duatloi herrikoia eta urteari amaiera emateko Peñalbara mendi irteera egingo dute abenduaren 31n.

Ekintza horiez gain, abenduaren 24an Olentzeroren kalejira tradizionala egingo dute Geltoki plazatik 18:15ean.

Urte berrian izango da haurrentzako Gabonetako parkeaz gozatzeko aukera, urtarrilaren 3 eta 4ean, kiroldegian goiz eta arratsaldez. Gabon egitaraua ixteko, ohikoa den Errege Magoen kabalgata egingo dute frontoia, urtarrilaren 5ean 19:00etan.

Oharra: Eduki hau bazkideei esker plazaratu da, Artziniegako Udalak tokiko euskarazko hedabide bakarra ekonomikoki ez babestea erabaki baitu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide