Artziniega Museoaren aldeko testua onartu dute Batzar Nagusietan, aho batez

Txabi Alvarado Bañares 2019ko ots. 14a, 09:00

Artziniega Museoaren aldeko elkarretaratze ugari egin dituzte herritarrek. / Aiaraldea.eus

Hitzarmena sinatzeko deia luzatu diete Arabako Foru Aldundiari, Eusko Jaurlaritzari, Artziniegako Udalari eta Arte Etnografia Elkarteari.

Artziniega Museoaren aldeko testua onartu dute Arabako Batzar Nagusietan. Alderdi Popularrak aurkeztutako mozioarekiko erdibideko zuzenketa adostu dute talde politiko guztien artean.

Bi gauza eskatu dituzte batzarkideek testuan. Alde batetik, Artea etnografia elkartearekin hitzarmena sinatzeko deia luzatu diete Arabako Foru Aldundiari, Eusko Jaurlaritzari eta Artziniegako Udalari, “Artziniega museoaren kudeaketarako, finantzaziorako eta sustatzeko, proiektuaren jarraikortasuna bermatzeari begira”.

Bestetik, Foru Aldundiari eskatu diote museora bideratzen duen 35.000 euroko diru partida mantentzea. Modu horretan bermatu nahi dute Artea etnografia elkarteak aukera izatea ondarea berreskuratzea, ikusgai mantentzen jarraitzea, bisita didaktikoak egiteko gida zerbitzua kontratatzea eta kultura tailerrak egitea; “zonaldeko informazio turistikoa ematearekin batera”.

Edonola ere, Foru Aldundiak 2 hilabeteko epea hartu du bideragarritasun plana sortzeko, nahiz eta PPk eta EH Bilduk azaldu zuten ez dela erabakia atzeratu behar. Izan ere, legealdia 3 hilabeteren buruan amaituko da.

Batzar irekia ostiralean
Museoko kideek bilera irekia deitu dute ostiral honetarako, konponbidea bilatzeko asmoz. 19:30ean izango da, museoan bertan. Artadi (orain arte gida zerbitzua eskaini duen enpresa) eta Artea etnografia elkarteko kideak bertaratuko dira. Udalari ere proposatu diote parte hartzea.

Oharra: Eduki hau herritar eta bazkideen laguntzari esker plazaratu da, Artziniegako Udalak tokiko euskarazko hedabide bakarra ekonomikoki ez babestea erabaki baitzuen.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide