“Oso deigarria da Ekuatore Ginean gutaz dakiten guztia”

Txabi Alvarado Bañares 2019ko mar. 13a, 07:00
Ekuatore Ginean dago Garazi Ureta Ofizialdegi artziniegarra.

GARAZI URETA OFIZIALDEGI (Artziniega, 1992) Ekuatore Ginean dago lan egiten. Bertako bizimoduaren inguruan mintzatu da.

Zerk eraman zaitu Ekuatore Gineara?

Thyssen-Bornemisza Museoan praktikak egiten nenbilen. Artearen Historiako Gradua eta Kultura Kudeaketa masterra ikasi ondoren oso esperientzia ona baldin bazen eta asko ikasi banuen ere, konturatu nintzen horrelako museo handi eta inpertsonal batean ez nuela lan egin nahi. Nire denbora era egoki batean erabiltzen ez nuela pentsatzen nuen. Beraz, Euskal Herrira bueltatzeko ideia nuen, geroago, Grezian eta Bosnian errefuxiatuekin lan egiten duen Gobernuz Kanpoko Erakunde batean batean laguntzeko. Museoan nengoela, Ekuatore Gineako Bata hiriko Espainiako Zentro Kulturalean (AECIDren menpe dagoena) lan egiteko eskaintza jaso nuen. Norbait nire pentsamendua irakurtzen ari zela iruditu zitzaidan. Ez nuen asko pentsatu eta, espero ez baldin banuen ere, azarotik nago hemen.



Zertan datza bertan zure lana?

Astelehenetatik larunbatetara lan egiten dut normalean. Hirian ez dauden zerbitzuak eskaintzen ditugu. Alde batetik, hiriko musika, dantza, antzerki… taldeak eta elkarteak batzen diren lekua da. Beste alde batetik, doan diren tailerrak ematen ditugu: pianoa, gitarra, bateria, poesia sormena… Era berean, bertako taldeekin lan egiten dugu. Beraz, hilero antzezpenak, konferentziak, kontzientziazio ekintzak, formazioak (zinema, ondare gestioa, etab.) eta ondarea berreskuratzeko ekintzat antolatzen ditugu. Liburutegi bat ere dago zentroan.

Hirian ez dago ez museorik, ez zinemarik, liburu dendarik, antzokirik, etab. Beraz, kulturarekin zerikusirik daukan leku bakarra da gurea. Horrezkero, lanean ez nagoenean, nire bizitza oso lasaia da: irakurri, lagunekin txangoak egin, hondartzara joan…



Alde handia dago hemengo eta bertako bizimoduaren artean?

Oso deigarria da gure inguruan dakiten guztia. Baina guk, aldiz, nik eta nire lagunek behintzat, beraien inguruan oso gutxi dakigu. Euskal Herria eta gure liskar politikoak ondo ezagutzen dituzte. Zergatik? Espainiako kolonia izan zelako Guinea, geroago probintzia bilakatuz 1968.urtean Frankok, nazioarteko presioak medio, independentzia eman zien arte. Ez dut uste institutuan horren inguruan ikasi genuenik. Telebistatik Espainian eta Europan gertatzen denaren berri dute, eta bi herrialdeen arteko harremana oso konplexua da.  Gure inguruan duten ikuspuntua maitasun-gorrotokoa da.  

Horrez gain, herrialde oso txikia baldin bada ere, 5 gizarte ezberdinez osatuta dago: Fang, Ndowé, Bubi, Bisio eta Annobones. Guztietan mintzatzen dira gazteleraz, hizkuntza ofiziala baita. Baina bakoitzak badu bere hizkuntza propioa. Gizarte ezberdinen tradizioek pisu handia izaten jarraitzen dute baina oso katolikoak dira ere. Beraz, nahasketa oso arraro bat ematen da. Poligamia, dotea… bezalako ohiturak oso deigarriak dira niretzako adibidez.  

Nolakoa da harremana bertako jendearekin?

Gazteen bizimodua ere oso ezberdina da. Oso gazte direla lan egiten eta seme-alabak izaten hasten dira. Adibidez, nire adineko emakumerik ez dut ezagutzen, haiek familiaren pisu gehiena eramaten baitute.

Tabernak, Euskal Herrian bezala, beteta daude eta alkohola gazteen artean oso normalizatua dago ere. Oso merkea da gainera, tabakoa bezala. Bestalde, irudi fisikoari ematen zaion garrantzia ere nabarmena da, eta Internet konexio txikia eta garestia baldin badute ere, bere erabilera handitzen hasi da. Beraz, alde horretan ez gara hain ezberdinak. Hori bai, kultura zentroa erabiltzen duten gazteak oso langileak eta sortzaileak dira dituzten baliabideekin, gu baino gehiago esango nuke.



Jendea, orokorrean, oso serioa da. Baina pixkanaka-pixkanaka, zure interesa ikusten baldin badute, harremana hobetzen joaten da. Bertako jendearekin lan egiten dut egunero, nire lankide gehienak oso jatorrak dira eta zentrora etortzen diren gazte gehienak oso alaiak eta irekiak dira. Baina, emakumea izanda, gizonekin ematen den harremana zaila izaten da askotan: errespetu gutxiago erakusten dute, ezkontzeko proposamenak egiten dituzte, gorputza begiratu, kaleko txistuak, etab. Italian eta Ingalaterran bizi izan dudanaren hirukoitza, alajaina. Txuria izateak ere baldintzatzen du, eta koloniaren memoriak ere, noski. Orokorrean, hemengoak ez diren guztiekin harreman zaila dago, baita beste afrikarrekin ere.

Zer gomendio emango zenioke zure bezalako proiektu batean sartu nahiko lukeen pertsona bati?

Honelako proiektu batean lan egiteko, nire kasuan behintzat, Kultura Kudeaketa masterra ikastea ezinbestekoa izan da, baina Kooperazio inguruko ikasketak egitea ere beste bide bat da. Horrez gain, atzerrian lan egiteak, kurtsoak egiteak eta museo ezberdinetan izandako esperientziak2 oso lagungarriak izan dira. Beraz, eman ahal ditudan aholkuak ikastea, lan egitea eta atzerrira joatea dira nagusiki. Baita, Europan zehar, Euskal Herrian, etab. dauden bekak eta lan eskaintzak begiratzea. AECID-ean lan egiteko, aldiz, oposaketak egin behar dira, nire kasuan, zentroak autonomo bezala kontratatu nau.

Hilabete hauetan, Erroman izan nuen antropologia irakasle baten hitzak gogoratzen ditut: alde batetik, beste herrialdeko tradizioak mendebaldeko begiekin ez begiratzen saiatu behar garela. Eta, bestetik, aldaketak bertakoen eskutik hasten direla bakarrik.

Oharra: Eduki hau herritar eta bazkideen laguntzari esker plazaratu da, Artziniegako Udalak tokiko euskarazko hedabide bakarra ekonomikoki ez babestea erabaki baitzuen.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide