Artziniegako Udalak 2019ko aurrekontua onartu du eta Aiaraldea hedabidea diruz lagunduko du berriro

Aitor Aspuru Saez 2019ko api. 4a, 14:20

Gaurko udalbatzaren irudia. / Aiaraldea.eus

EAJren aldeko bozekin eta EH Bildu koalizioaren abstentzioarekin egin du aurrera 2019ko aurrekontuak. PPk aurka bozkatu du.

Artziniegako udalbatzak 2.275.291,78 euroko aurrekontua onartu du 2019ko ekitaldirako. Udal Gobernu Taldearen babesa izan du proposamenak eta EH Bilduren abstentzioa. PPk, ordea, aurka egin du, besteak beste, Aiaraldea hedabidea diruz lagunduko duelako tokiko erakundeak.

Udalak adierazi du zerbitzu sozialetan ahalegina egingo duela itxaron zerrendekin bukatzeko, bitarteko gehiago ordainduta eta etxeetan bisitak egiten.

Lanbidek eta Gazteria Zerbitzuak, ASASAMek eta Gure Arteko Amako zein Babio guraso elkarteek ere diru gehiago jasoko dute.

Horrez gain, 481.624,85 euro bideratuko ditu tokiko erakundeak inbertsioetara. Horrekin Garai plazako jokoak handituko dira, kirol guneko hesiak berrituko dira, Zabaia, Otsati eta Mendibeltz kaleak urbanizatzeari ekingo diote, Elaxpeko kulunkak berrituko aldatuko dira, udaletxeko irisgarritasuna bermatuko dute eta bigarren solairua zein komunak egokituko dituzte. Hori ez ezik, Barratxiko bidearen proiektua erredaktatuko dute, San Roman eta Mendieta bideetan obrak egikarituko dituzte, kalistenia parkea instalatuko dute, udal igerilekuetan erreformak gauzatuko dituzte eta Gordelizeko hodia jarriko dute. Azkenik, fibrozementuko hoditeria ordezkatuko da eta frontoiko aparkalekua berrituko dute.

Oposizioa
Artziniegako Udalean aritzen diren oposizioko taldeek ez dute bere egin EAJk proposatutako aurrekontua. EH Bilduren bozeramailea den Joseba Vivancok adierazi du ez dutela oztopatuko abstentzioa baliatuta, baina ziurtatu dute oso kritikoak direla 2019ko aurrekontuarekin, iazkoaren jarraipena baita: "kasu batzuetan burokraziak ez du ahalbidetu proiektuek aurrera egitea, baina beste batzuetan EAJren utzikeriak zigortu du Artziniega".

Positiboki baloratu du koalizioak Artziniega Museoaren irekiera bermatuko duen ekarpen ekonomikoa, baita Aiaraldea hedabideak berreskuratzea lehen jasotzen zuen laguntza. Hala ere, hainbat puntutan kritikoak izan dira EH Bilduko kideak eta, bereziki, nabarmendu dute gazteen alde gutxi egiten dela udalean.

PPk kontrako botoa eman du. Hasteko, Aiaraldea hedabidea laguntzearekin ados ez dagoela adierazi du eta gaineratu du hainbat proposamen egin zuela eta EAJk ez dituela asko onartu. Joseba Elejaldek azpimarratu du mendi bideen garbiketa beharrezkoa dela eta auzoak erabat ahaztuak daudela.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide