Elkartasun jaialdia egingo dute ekainaren 8an Artziniegan, UdaberriRock izenburupean. Artziniega Rock Elkartearen esanetan, Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteari laguntza eskaintzeko antolatu dute. Festibalaren ideia, baina, Barau eta Sinmas musika taldeena izan zen. Aiaraldea hedabideari azaldu diotenez, herrian kontzertu eskaintza urria zutela jabetuta garatu zuten proposamena, "Artziniegan jorratu gabeko espazio kultural bat zegoen: kontzertuena". Iaz egin zuten lehenbiziko edizioa, eta arrakasta ikusita ekimena errepikatzea erabaki dute, "baina data berriarekin eta proiekzio handiagoarekin". Antolakuntza taldea ere handitu da, orain Artziniega Rock Elkarteak antolatuko baitu.
Hitzaldia eta material bilketa
Kontzertuak ez ezik, ekintza gehiago prestatu dituzte. Horien artean dago ekainaren 7an Artziniega Museoan egongo den hitzaldia, besteak beste. Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteko kideak arituko dira hizlari.
Biharamunean, ekainaren 8an, izango da egun nagusia: "Goizean trikipoteoa egingo da herrian zehar, eta jarraian musika emenaldiak izango dira bermutaren orduan. Arrastian, motoreak berotzen hasiko gara batukada-kalejira batekin, eta 20:00etatik aurrera kontzertuak hasiko dira". Sarrerek 8 euro balioko dute aurrez erosiz gero (internet bidez), eta 10€ ordaindu beharko dira egunean bertan.
Horrez gain, jaialdian zehar elkartearentzat materiala jasoko dute: tapakiak, lo-zakuak, kanpin-dendak, esterilak eta barruko arropa berriak.
8 musika talde
Musikari dagokionez, zortzi musika talde bertaratuko dira: Moonshine Wagon, Desorden, Cruce de miradas, C.R.A.S, Gudazaleak, Sinmas, Mugan, Patx&Run eta DJ Loro.