"Barrutik eta kanpotik bizi beharreko lasterketa da Zegama-Aizkorri"

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko eka. 3a, 10:10

Atzo izan zen Zegama-Aizkorri mendi maratoi ospetsua. Zuriñe Frutos artziniegarra aritu zen, besteak beste, lehiatzen. 

Jendetza batu zen Zegama-Aizkorri mendi maratoia ikusteko atzo Gipuzkoan. Eskualdetik ere lagun ugari hurbildu ziren kirolariak animatzera. Parte hartzera joan zenetako bat izan zen Zuriñe Frutos korrikalari artziniegarra.

Pozik azaldu da esperientziarekin: "Bizi beharra dago lasterketa. Kanpotik emozioz bizi dute, baina aurten barrutik bizitzea egokitu zait". Ibilbidea 6 ordu baino gutxiagoan bukatzea jarri zuen helburutzat, eta lortu egin du.

Alabaina, beroa izan zen protagonista, Frutosen esanetan: "Irteera momentutik 18 gradu zeuden, baina jasangarria zen beroa". Aizkorrira iristean, ordea, airea eta itzalak gutxitu zitzaizkion. "Jendeak eraman egiten zaitu, zirkuitu osoan zehar animatzen zaituzte: Santi Espiritun, Aizkorrin, Andraitzen... eta eskerrak", dio.

Hiru orduren buruan zapaldu zuen Aizkorriko tontorra Frutsotek. Urbiara iristean zaildu zitzaion proba, 25. kilometroan: "Boom! Petardazoa izan nuen. Hala ere, 5:40-45 minutuan hel nintekeela kalkulatu nuen. Andraitz igotzea falta zitzaidanean eremu gorrian hasi nintzen sartzen... 30 kilometro maldan behera, lautada faltsuekin... Korrika egitea kostatzen zitzaidan, ez nindoan jada hain eroso, beroa izugarria zen, busti ahala urtzen zen freskotasuna eta oinak erretzen nituen, bustitzea bilatzen nuen".

Aitortu duenez, 40. kilometroan bizi izan zuen krisirik sakonena: "Ez nintzela iritsiko zirudien, ez zitzaidan airea sartzen, sua zen arnasten nuena. Baina iritsi egin nintzen helmugara, 5 ordu eta 57 minutu eta gero".

Horrenbestez, helburua beteta eta pozik etxeratu zen kirolaria. Sare sozialetan esker andana zabaldu ditu: "Eskerrik asko Zegama, 12koa izan da antolakuntza, eta baita animatzen egon zineten denei, baina bereziki ni ikustera hurbildutakoei, eta David eta Virtxo sherpei! Aupa Artziniega!".

Argazkiak: Zuriñe Frutos

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide