29.000 eurora murriztu du Artziniegako alkateak bere soldata

Txabi Alvarado Bañares 2019ko eka. 28a, 07:00
Duela bi aste osatu zuten udalbatza berria. / Alberto Martinez Gutierrez-Barquin

Arkaitz San Jose izango da udal-gobernuaren bozeramailea legealdi berrian eta Unai Gotxik hartuko du alkateorde postua.

Asteazken arratsaldean egin zuten Artziniegan legealdi berriko lehen udalbatza. Hainbat gauza zehaztu zituzten bertan. Joseba Vivancoren soldata izan zen horietako bat. 29.000 euro gordin kobratuko ditu alkate berriak, 1.700 hileko.

Vivancok argitu du EH Bilduren zinegotziek proiektu ezberdinetara bideratu izan dutela dietetan jasotzen duten dirua: Gobernuz Kanpoko Erakunde batera, alderdi batera, elkarte batera... “Norberaren erabakia da kobratzea edo ez”.

Vivancok jakinarazi du Arkaitz San Jose izango dela gobernuaren bozeramailea eta Unai Gotxik hartuko duela alkateorde postua.

Batzordeak
Plenoen ordutegiei dagokionez, alkateak jakinarazi du goizez zein arratsaldez izango direla, baina gaineratu du hainbat aldaketa egin dituztela: Gobernu Batzordea kendu dute, “eraginkortasuna eta arrazionalizazioa” bermatzeko. EAJk Gobernu Batzordea kentzearen erabakia kritikatu du, organo hori zortzi urtez funtzionatzen egon dela eta bertan talde politiko guztiek parte hartu dutela argudiatuta. Oposizioari parte hartzea eta informazioa ukatzeko modu bat da hori, jeltzaleen aburuz.

Hala ere, udal gobernuak aurreratu du hiru batzorde informatibo izatetik bost izatera pasako direla aurrerantzean. Hor ere kritika bat plazaratu dute jeltzaleek, ordezkari banaketa “proportzionala” ez dela iritzita: batzorde horietan ordezkari bakarra izango du EAJk, hiru zinegotzi dituzten arren.

Alkateak, bere aldetik, nabarmendu du EH Bilduk hauteskundeak irabazi dituela. “Gehiengo absolutua dugu eta ez dugu horregatik barkamenik eskatuko”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide