"2019ko azoka aurrera atera behar dugu, ahalik eta atxikimendu gehien lortzen saiatuko gara", adierazi du Joseba Vivanco alkateak. Herenegun egin zuten bilera irekia, eta herritarren ekarpenak jaso zituzten bertan: "Lehenik eta behin, izandako harrera ona eskertu behar dugu, ordubete luzeko eztabaida aberasgarria izan baitzen. Sukalde lana egitea dagokigu orain, ahalik eta herritar gehienek parte hartu dezaten postuak jartzen, ekintzetan laguntzen, antzinako arropak janzten...".
Gobernuburuak udalaren konpromisoa azpimarratu du: "Udazkenetik aurrera gogoeta serio eta parte hartzailea egin beharko da, merkatuaren etorkizuna definitzeko". Izan ere, azken urteetan enpresa baten bidez antolatu dute jaia.
Ekarpenak egin nahi dituztenei ere luzatu diete mezua: "ideiak edo laguntza jasotzeko irekiak gaude, bidean geratu zirenak berriro anima daitezela". Zinegotzien kontaktuak zabaldu dituzte eurekin harremanetan jartzeko: unaigotxi@artziniegakoudala.eus eta zurinefrutos@artziniegakoudala.eus.