Jaien baitan "La pequeña Suiza" filma proiektatuko dute Goiko plazan

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko abu. 28a, 09:52
La pequeña Suiza filmaren atrezzoa, herriko saltoki batean ikusgai. / Artziniegako Udala

Irailaren 3an izango da emanaldia, 21:00etan Goiko plazan.

Apirilaren 26an aurkeztu zuten Kepa Sojo zuzendariak gidatutako filma. Artziniegan egin zen grabaketaren zati handiena. Geroztik, makina bat zinemetan egon da ikus-entzunezkoa ikusteko aukera. Aurki, Artziniegan ere jarriko dute. Izan ere, festen baitan, emanaldia antolatu dute Goiko plazan. Irailaren 3an izango da hori, 21:00etan. 

"Bi hilabetez herria plato handi bat bilakatu zen, aktore oso ezagunak etorri zirelarik", adierazi du Artziniegako EAJk sare sozialetan. Udalak maiatzaren 15ean informatu gisa, Artziniegan proiektatuko da filma irailaren 3an, erantsi dutenez. "2018ko abuztutik Gobernu taldeak sutsuki egin zuen lan pelikulako promotorearekin grabaketaren zati handiena Artziniegan egiteko. Emaitza apirilaren 26ko estreinaldian ikusi genuen". Artziniegako EAJk nabarmendu du Artziniegan proiektatuko dela filma, maiatzaren 15ean gobernuan zeudela adierazi zuten moduan. Horrez gain, Donostiako Zinemaldian ere ikusteko aukera egongo dela aurreratu dute, Sail Ofizialetik kanpo. 

EH Bilduk argitu du, gogor egin dutela lan EAJren iragarpena gauzatzeko: "emanaldia jaietan izatea erabaki genuen". Joseba Vivanco alkateak sare sozialetan aipatu duenez, jeltzaleek pelikula doan utziko zietela esan zuten eta ez da hala izan: "Mila eurotik gora balioko du. EAJk argazkiak ateratzen jarraitzen duen bitartean, EH Bildun lanean segiko dugu". Zentzu horretan, Unai Gotxi zinegotziak azken asteetan egindako lana goraipatu du alkateak, "kopia lortzea ez baita erraza izan".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide