Irailaren 14an izango da Artziniegako Antzinako Azoka

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko ira. 11a, 09:30

Erdi Arora itzuliko da Artziniegako Alde Zaharra. / Aiaraldea.eus

Herritarren parte hartzea indartu dute. Egun osoko egitaraua osatu dute Aintzinako Azoka ospatzeko. Ekimena amaituta, gogoeta faseari ekingo diote.

21. edizioa izango du aurten Artziniegako Antzinako Azokak. Ohi bezala, egun osoko egitaraua prestatu dute aurten ere. Hala, mendeetan atzera egingo du udalerriak. Kaleetako dekorazioa eta herritar zein feriako partaideen jantziak izango dira horren adierazle. Izan ere, jai egunean murgiltzeko eta aktiboki parte hartzeko deia luzatu dute udaletik. Unai Gotxi Kastresana zinegotziaren esanetan, herriko postuak berreskuratzen ahalegindu dira: "Azken urteetan jendeak parte hartzeari utzi dio, eta berriro inplikatzen saiatu gara".

Eragile ugarik egin dute bat
Eragile ugarik egin dute bat ekimenarekin. Artziniegako Museoak, esaterako, bertako piezak aterako ditu kalera, "postu oso bitxia jarriko dute, sorpresa izango da". Emanaldi berezi bat ere eskainiko dute egitarauaren barruan, mojen kontzertua: "Eliza barruan abesteko proposamena luzatu genien eta animatu egin dira". Bestalde, Lafraguaren tailerrean errementari bat egongo da lanean, duela zenbait urte nola lan egiten zuten erakutsiko dute, "tailer biziaren bitartez".

Horrez gain, abereak eta kale-animazioa ere egongo dira: "Ez dugu jarduera estatikoen alde apustu egin, bestela jendea gune berdinean pilatu egiten da eta. Horregatik, aurreko urteetan bezala ikuskizun ibiltariak edukiko ditugu; baita kontzertuak ere". Umeentzat, aldiz, tailerrak prestatuko dituzte, eta zaintza gunea atonduko dute. "Aparkalekuak hutsik izaten saiatuko gara kanpoko jendea etortzeko", erantsi du.

Herritarren parte hartzea bultzatu dute udaletik, baina kanpokoei ere luzatu diete mezua: "Euskadiko lehen antzinako azoka da Artziniega, berezia da, jendea inplikatzen dugulako. Denbora makina da, urteetan atzera egiten baitugu. Merezi du etortzeak, herria eta ingurunea oso politak direlako, animatu!".

Gogoeta fasea
"Ekainaren 15ean sartu ginen udalean, beraz, ez dugu denbora askorik izan jendea inplikatzeko; beraz, udalak hartu du bere gain azokaren kudeaketa", azaldu du zinegotziak. Hala ere, hurrengo urteei begira aldaketak aurreikusi dituzte: "4 urte daramatzagu eskatzen Antzinako Azokaren gaineko gogoeta. Aurtengo edizioa bukatzean ekingo diogu horri, datozen urteetan zer eta nola egin nahi dugun denon artean erabakitzeko".

Erlazionatuak

Artziniegako Erdi Aroko azoka

Aitor Aspuru Saez 2013 ira 16 None

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide