Santa Kolomako bidea berreskuratuko du ofizioz Artziniegako Udalak

Aitor Aspuru Saez 2019ko urr. 5a, 09:07

Joseba Vivanco alkatea eta Arkaitz San Jose zinegotzia./ Aiaraldea.eus

Udal Osoko Bilkuran prozesuarekin jarraitzea adostu zuen Artziniegako Udalak. Horrez gain, hainbat gai landu zuen erakundeak; elkarteen hitzarmenak, mozioak...

Artziniegako Udalak aho batez onartu zuen Santa Kolomako bidea berreskuratzeko urratsekin jarraitzea. Ofizialki jakinaraziko zaie ibilbidea okupatzen duten herritarrei elementu guztiak kendu beharko dituztela eta, gainera, ez da helegitea jartzeko aukerarik egongo. Berez, erabakia publikoa egiteko azken tramitea izan zen atzokoa.

Prozedura legalekin jarraiki, 2017an egindako langile publikoen %0,6ko soldaten igoera bertan behera uztea onartu zuen tokiko erakundeak, Estatuko Abokatuak jarritako helegitearen ondorioz. Eudelen gomendioarekin bat egin arren, produktibitateari eta modernizazioari egindako igoera hori legez kanpokotzat jo dute epaitegiek.

EH Bilduk eta EAJk epaia onartzearen alde egin zuten eta PP abstenitu egin zen. Izan ere, Alderdi Popularreko zinegotziak leporatu zien beste taldeei legearen kontra egitea 2017an. Gainera, Joseba Elejalde popularrak alkateari galdetu zion zenbateko gastua suposatu duen epaiketak.



Horren ostean, aho batez babestu zuten udalerriko fibrozementuzko hodiak aldatzea ur horniketa sarean. Horretarako okupaziorako ezjabetzak gauzatu beharko ditu tokiko erakundeak. Arabako Foru Aldundiko Obra eta Zerbitzuen Planaren barruan daude lanak eta, bide batez, frontoiko aparkalekua urbanizatuko da eta Saratxagurengo aldapa asfaltatzeari ekingo diote.

Elkarteen hitzarmenak
Atzoko udal osoko bilkuran hiru elkarteren udal hitzarmenak ere landu zituzten eta hirurek aurrera egin zuten, nahiz eta PPk Aiaraldea Kooperatibaren kasuan aurka bozkatu.

Gauzak horrela, Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak 250 euro jasoko ditu euskararen erabilera sustatzeagatik, Aiaraldea Kooperatiba Elkarteak 1268,40 euskarazko hedabideak bultzatzeagatik eta ASASAMek 400 euro buru osasunaren esparruan eragiteagatik.

Horiek guztiak aurrekontuetan jasota zeuden. Gurutze Gorriaren, DYAren edota Babio Guraso Elkartearen hitzarmenek prozedura bera igaro beharko dute.

Bi mozio
EH Bilduk bi mozio aurkeztu zituen atzo. Alde batetik Tafallari elkartasuna adierazteko, uztaileko uholdea dela medio. Bestetik, Aldaketa Klimatikoaren aurka neurriak hartzeko. Lehenengoak PP eta EAJren botoak izan zituen, baina biek leporatu zioten EH Bilduri bakarrik Tafalla aipatzea, Mediterraneoan antzeko arazoak izan arren irailean.



Aldaketa Klimatikoaren testuaren harira, PPk aldeko botoa eman zuen, baina EAJk kontrakoa erabaki zuen. Izan ere, testuak adierazten du Eusko Jaurlaritzako 2020-2030 plana ez dela nahikoa.

Hori guztia ez ezik, Joseba Vivanco eta Arkaitz San Jose Artziniegako Kantauriko Urkidetzan ordezkariak izatea eta Unai Gotxi ordezko izendatzea erabaki zuten.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide