“Bideo jokoetan ikusten dituzun gauzak egin behar dira, eta hori artea da"

Erredakzioa 2019ko urr. 15a, 11:00

PELLO URETA OFIZIALDEGIk (Artziniega, 1988) bideo joko bat sortu du, ikasketak baliatuta. Sektoreak artearekin duen lotura, oztopoak eta jokoaren sorkuntza prozesua azaldu ditu.

Arte Ederrak ikasita, bideo-jokogintzan murgildu zara. Zergatik hautatu duzu eremu edo langintza hori?

Arte Ederrak ikasi nuen, baina tabernan eman ditut azken urteak lanean. Arteari buruzko master baten bila jarri nintzen, eta artea bideo-jokoetan egiteko ikastaroa topatu nuen.

Digipenen unibertsitatean bi gradu daude, artekoa bata eta programaziokoa bestea. Nik artekoa hautatu nuen. Batzuk animazioak egitera joaten dira, beste batzuk bideo-jokoak… Talde bakoitzean espezializate ugari daude.

Bideo joko bat garatu duzu.

Bai. Bigarren mailan, arteko eta programazio taldea elkartzen gaituzte, eta denon artean sortu behar izan dugu bideo-jokoa. Bi lauhileko izan ditugu horretarako. Horren emaitza da lana, bi ikasgai uztartu ditu.

Zertan datza jolasak?

Gure asmoa joko zail bat egitea zen, pentsatzekoa. Gauzak askotan gaizki egitea nahi genuen, pentsatu eta berriro ondo egiteko. Azkenean, baina, zailtasuna murriztu dugu, jende askorengana iristeko. Zentzu horretan, erdizka geratu da. Banpiroak dira protagonista, kripta batean esnatzen da jokalaria eta zure aurka doazen pertsonaiak gainditu behar dituzu. Esaterako, espektro formarekin beste pertsonaiak hartu behar dituzu, eta haiek kontrolatuz puzzlea bete. Nire lana diseinatzailearena izan da.

Zertaz arduratu zara zu?

Jokoak bost maila ditu, nahiz eta 9 edo 12 maila egitea nahi genuen hasieran. Ateak non jarri pentsatu behar izan dut, jokalariaren aurka doazen pertsonaiak non kokatu, partaidea nora igo daitekeen eta nora ez erabaki… Paperean oso polita da dena, baina programatzaileek gero kolokan jartzen dute, agian ezin delako zuk nahi duzun tokian egin planteatutakoa, hor dago borroka.

Zer nolako ezaugarriak ditu jokoak?

Joko guztia 2 dimentsiotan egina dago, bi motatako animazioak daude: tradizionala (dena marraztuz) eta Bipain programaren bidezkoa (marrazkiak jarri eta mugimendua agindu behar diozu). Nik bigarrena baliatu dut, batez ere.

Arteak eta bideojokoek zertan dute zerikusia?

Edozein bideo jokotan ikusten dituzun gauzak egin behar dira, eta hori artea da. Tetriseko karratuak norbaitek egin zituen! Jolas guztietako pertsonaien artean artea egin duen norbait dago.

Zer nolako industria dago bideojokoen sektorean hemen?

Zaila da hemen lan egitea. Madrilen eta Bartzelonan badira enpresak, baina nire ideia kanpora joatea da, momentuz. Bilbon ezer gutxi dago, nahiz eta Gasteizen animazioarekin lotuta lan egiteko aukera egon. Proiektu txiki ugari daude Iberiar penintsula osoan, baina ezagunak direnak oso gutxi.

Baduzu beste proiekturik buruan?

Hirugarren mailan nago orain eta 3 dimentsiotako laburmetrai bat ekoitzi beharko dugu, 2 minutukoa.

Arte Ederren ildotik, erakusketak ere eginak dituzu, ezta?

Pare bat, Artzinegan eta Hondarribin. Erasmusarekin Venezian izan nintzen, eta bertan ere egin nuen erakusketa bat. Edozelan ere, ez zen aparteko ezer izan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide