Artziniegak adopziozko seme titulua kendu zion atzo Jesús Romeo ministro falangistari

Julen Solaun Martinez 2019ko aza. 8a, 16:30

Atzoko bilkuran erabaki zuten aitortza kentzea.

Romeo 1969az geroztik izan da herriko adopziozko semea. Baina atzo, bertako biztanle baten ekimena dela medio, titulua kendu zaio Artziniegako hainbat herritarren hilketa egotzita.

Atzo kendu zion Artziniegako Udalak Jesús Romeo Gorriari (Bilbo, 1916 – Madril, 2001) adopziozko seme titulua, krimen frankistak egotzita.

Herriko gobernuan dagoen EH Bilduko eta oposizioko EAJko kide guztiek eman zuten aldeko bozka. Alderdi Popularrak ez zuen jarrera adierazi, zinegotzia ez zelako bilkurara bertaratu.

Hala ere, jeltzaleek desadostasunak plazaratu dituzte ekimenari buruz. EAJk azaldu du Gogora Institutuaren irizpideak jarraiki, mozioaren alde egin zuela, baina testuari egotzi diote zorroztasun eta dokumentazio falta.

Horrez gain, gaia lantzeko “premiazko prozedura” erabili izana kritikatu du EAJk. Opozisioko taldearen aburuz, EH Bilduk informazio batzordeen gainetik egin du salto, nahiz eta bilera horiek diren plenora doazen gaiak lantzeko gunea. Modu horretan, gainontzeko talde politikoen parte hartzea mugatzen dela uste dute jeltzaleek. Halaber, hori ezin dela ohitura bilakatu nabarmendu dute.

Romeori titulua kentzeko ekimena Alberto Martínez Gutierrez-Barquin biztanleak bultzatu zuen idazki bidez urriaren 25ean, Valentziako Udalak eta Bartzelonako Diputazioak gizon berarekin emandako pausoak jarraituta. Francoren exhumazioa gauzatu zenean erabaki zuen artziniegarrak mozioa aurkeztea, Aiaraldea hedabideari aipatu dionez. 

Jesus Romeoren ibilbidea
Jesús Romeo gaztetik afiliatu zen Falange alderdian eta, Batxilergoan, Iruñean zegoela, ikasleen sindikatu falangistaren probintziako buru bilakatu zen.

Guda Zibilean boluntarioki eman zuen izena nazionalen alde borroka egiteko, eta Nafarroako zenturiako ofizial izatera heldu zen. Gerran izandako partaidetzagatik hainbat sari eta domina jaso zituen: Hiru gurutze gorri, Aberriaren aldeko sufrimenduarena eta Gerrako Gurutzea, garaian ematen zen garrantzitsuenetako bat. Gatazka amaitzean, Lan Ministroa izatera heldu zen -1962 eta 1969 urteen bitartean- Francoren diktaduran.

Martinezek mozioan azaldu bezala, Romeoren jardueraren ondorioz, Artziniegako sei bizilagun hil ziren Guda Zibilean. Horrez gain, herritar errepublikar eta abertzaleei ondasunak kendu zizkie falangistak, Martinezek salatu duenez. Romeo herriko adopziozko semea izan da atzo arte, 1969ko abuztuaren 2az geroztik.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide