Gabonetako Merkatu Txikiaren XIX. edizioa egingo du Hiriskak azaroaren 30tik abenduaren 8ra, “La Encina” egoitzako kaperan.
Urtero bezala, parte hartzeko gonbita luzatu die emakume elkarteak herritarrei. Azaroaren 22ra arte jasoko dituzte azokarako dohaintzak. 18:00etatik 19:30etara bitartean eraman ahalko dira elkartearen egoitzara.
Azken astean, aldiz, egoitzan jasoko dira. “Objektu berriak edo egoera onean daudenak eta etxean eginiko opilak eramanda lagundu dezakezu”, zehaztu dute, eta nabarmendu dute ez dutela arroparik onartuko.
Espainiako Esklerodermiako Elkarteari emango diote azokan biltzen duten dirua. “Esklerodermia eri kronikoa da, autoimmunea, eta gaixotasun erreumatiko gisa sailkatua dago”, jakinarazi dute Hiriskako kideek.
Gaineratu dutenez, Espainiako Esklerodermiako Elkarteak “gaixoen eta bere senideen bizi kalitatea” hobetzea du helburu; “baina ezinezkoa litzateke hori lortzea guztion laguntza izan ezean”.