Artziniegako alkateak, Joseba Vivancok, Valleren finkako etxolaren eraispena gelditzea bilatzen duen sinadura-bilketa dela medio, “epai finko” bat dela eta udala hori gauzatzera behartuta dagoela esan du. Eraispena gelditzeko Udalaren partetik edozein jokabide gauzatzea “prebarikazio” delitua izango litzatekeela argitzen du alkateak ohar batean.
Etxola horren afera luzea da: 2008an Udalak eraikuntza erreabilitatzeko lizentzia bat eman zuen. Baina handik bost urtera herritar batek salaketa jarri zuen, egindako moldaketak, erreabilitazioa izan ordez, "eraikuntza berria” sortu zutela argudiatuta.
Ondorioz, garaiko alkateak etxola botatzeko dekretua eman zuen 2015ean eta eraikinaren jabeak helegitea jarri zuen. Aurten, irailaren 25ean, beste bi errekurtso tartean zirela, Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiak eraikuntzaren eraispena dekretatu zuen, beste edozein baliabide legal bertan behera utzita.