ONCE erakundearen omenezko lana jarri dute Santxotena Museoko Munduko Belenen Erakusketan

Aitor Aspuru Saez 2019ko aza. 29a, 14:20

Teresa Lafraguak aurkeztu du gaur aurtengo Munduko Belenen Erakusketa eta ONCEren omenez jarri duten obra goraipatu du. Izan ere, Bozateko Santxotena Museoa itsuentzat egokitu zuen erakundeak.

Gaur eguerdian prentsa agerraldia deitu du Artziniegako Santxotena Museoak aurtengo Munduko Belenen Erakusketaren berri emateko. Juan Carlos Andueza ONCEko ordezkariarekin egin du, erakundeari eskainitako lana jaso baitute.

Modu horretan eskertu nahi izan diote museoko arduradunek Bozaten egindako ahalegina. Berez, Arizkunen dagoen beste Santxotena Museoan irisgarritasuna bermatu zuen ONCEk. "950 metroko ibilbide egokitua jarri zuten eta artelan guztien azalpenak braille hizkuntzan idatzi zituzten" azaldu du Xabier Santxotenak berak.

Horrez gain, Teresa Lafraguak azaldu du 2.300 belen dituztela Artziniegako Museoan, 8.473 pieza guztira. Gehienak atzerrikoak dira: "komunitate bakoitzak lantzen dituen diziplinak islatzen dira belenetan: buztingintza, joskintza... baita kultura bakoitzak dituen ezaugarri bereziak. Izaera antropologikoko erakusketa da".

Munduari ez ezik, gertuko herriari ere erreparatzen dio museoak, lehenengo belena Artziniegan baitago oinarriturik. Hala ere, Ekuador, Polonia, Italia, Errusia, Peru edota Afrikako hainbat txokotako lanak ikusteko aukera dago bertan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide