Herri txikia den arren, kultur eskaintza oparoa du Artziniegak. Duela bi aste ireki zuten belenen urteroko erakusketa, Santxotena Museoan. Igande honetan, aldiz, Artziniega Museoaren txanda izango da. Antzinako jostailuen erakusketa inauguratuko dute 13:00etan.
Miguel Martín Zurimendi eta Alvaro Iturraspe bildumazale artziniegarrek osatu dute erakusketa, 300 objektu baino gehiago baliatuta.
“Denia, Onil, Ibi eta beste herrietan antzina egiten zituzten jostailu ospetsuak topatuko ditugu esposizioan”, aurreratu dute museoko kideek, “hasieran egiten ziren kartoizko eta egurrezko lanetatik, letoizkoetatik pasatuz, 1960ko hamarkadan plastikoa erregea bihurtu zen arte egingo dugu bidaia”.
Martxoaren 1era arte egongo da erakusketa ikusgai.
