Haizete bortitzak egon ziren atzo iluntzean Artziniegan. Eguraldiak hainbat kalte eragin zuen herrian, eta argiz moztuta egon da goizaldeko bostak arte.
Hala ere, haizete hori ez da oso handia izan, 1941ean egondakoarekin alderatzen badugu, behintzat. Urte hartako otsailean egondako urakanari buruzko artikulu interesgarria topatu daiteke Arseniega historia blogean.
Bertan jasotako informazioaren arabera, haizeak kalte andana eragin zuen Euskal Herrian, eta Artziniega ez zen salbuespena izan. Arteko Gure Amaren Santutegiko sabaia, adibidez, zeharo birrinduta geratu zen.

Eskualdeko beste herrietan ere kalte larriak eragin zituen eguraldiak. Amurrion pertsona bat zendu zen eta hainbat zauritu ziren. Urduñan, aldiz, sei etxe erori ziren.
2010ean jazotako ziklogenesiari buruzko informazioa ere bildu dute blogean. Urduñan 228 kilometro orduko abiadura hartu zuen haizeak, eta hainbat kalte eragin zituen eskualdean.
Hemen irakurri daiteke artikulua osorik.