364.196,12 euroko inbertsioa onartuta, laster hasiko dira Artziniegako igerilekuak berritzeko lanak

Aitor Aspuru Saez 2019ko abe. 20a, 16:00
Ekainean igerilekuak irekita egoteko, lanek berehala hasi behar dutela azaldu zuen alkateak. / Aiaraldea.eus

Atzoko ez-ohiko udalbatzan onartu zuen Artziniegako Udalak obraren ardura ematea Galitec Desarrollos Tecnológicos enpresari.

Atzo 8:30ean ez-ohiko udal osoko bilkura egin zuten Artziniegan eta jorratutako gai nagusia igerilekuen berritze obra izan zen. Berez, inbertsio garrantzitsua egikarituko dute bertan eta, guztira, 364.196,12 euro gastatuko dituzte.

Alkateak atzo azaldu zuen Galitec Desarrollos Tecnológicos enpresari eman diotela ardura, besteak beste, obraren epea 5 hilabetera murriztu duelako. Zentzu horretan, Joseba Vivancok honakoa adierazi zion Aiaraldea Hedabideari: "berehala hasi behar dira lanak, ekainean igerilekua ireki ahal izateko".

Berez, igerilekuaren ontzia (1,10 eta 1,70 metroko altuera izateko) eta hondartza berritzeaz gain, araztegia lekuz aldatuko dute eta gatza erabiltzen duen klorazio sistema jarriko dute.

Bermea bost urtera luzatu du enpresak eta, gainera, Arabako Eraikuntzako Lan Hitzarmena betetzen du, behin betiko kontratua duten 10 langile ditu eta ez du azpikontrataziorik aurreikusi.

EH Bilduk eta EAJk babestu zuten erabakia aho batez. PPko zinegotziak ez zuen udalbatzan parte hartu.

Santa Kolomako bideak
Artziniegako Udalak azken urratsa eman zuen atzo ere Santa Kolomako zenbait bide publiko berreskuratzeko. Onartutako akordioa dela eta, erakundeak hilabetea emango die bideak okupatzen dituzten herritarrei elementu guztiak kentzeko.

Epe horren barruan ez balute egingo, udalak berak egingo ditu erretiratze lanak eta gastuak herritarrei kobratuko dizkie.

Pentsioak hizpide
Bukatzeko, pentsioak ardatz zituzten bi mozio onartu zituzten. Lehenengoa Arabako Pentsionistak Lanean kolektiboaren testua zen eta EH Bilduk aurkeztu zuen, pentsio duinak aldarrikatzeko. Bigarrenean, EAJk aldarrikatu zuen eskumen hori -pentsioena- Eusko Jaurlaritzaren eskuetan geratzea, Gernikako Autonomia Estatutua beteta.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide