EAJk leporatu dio udal gobernuari aurreko legealdian egindako “lanaren kontura” bizitzea

Julen Solaun Martinez 2020ko urt. 3a, 08:44

Artziniegako igerilekuen erreforma da puntu gatazkatsuetako bat./ Aiaraldea.eus

Talde abertzalearen jokaera “mespretxuzkoa” dela gehitu dute jeltzaleek, eta jasotako herentziaz “karga bat balitz bezala” hitz egitea kritikatu dute. EH Bilduko alkateak, bestalde, erantzun du EAJk utzitakoaren kontura ez direla bizitzen; “haiek utzitakoa kudeatzeaz baizik”.

Artziniegako EAJk EH Bilduko udal gobernuari egotzi dio “EAJko aurreko gobernuaren lanaren kontura bizitzen ari dela”. Era berean, jeltzaleek, Encina Castresana zinegotziaren bidez, abertzaleen diskurtsoa gogor kritikatu dute, eta koalizioaren jokaera “mespretxuzkoa” dela gehitu dute: “Jaso duten herentziaz karga bat balitz bezala hitz egiten dute”.

Castresanak adierazi du EAJk aurreko legealdian egindako lanaren garrantzia azpimarratu nahi duela, eta “diru-laguntzen bidez irisgarritasuna edo saneamendua hobetzeko finantzaketa” bilatzearen zailtasunak aipatu ditu.

Era berean, horrelakoak aurrera eraman ahal izateko “denbora eta ahalegin politiko-teknikoa” behar direla gogoratu dute ere jeltzaleek.

Oharra plazaratu du EAJk abenduaren 19an egin zen ezohiko legebiltzarraren harira, non udal igerilekuen esleipena, Arabako Pentsionistak Laneanek bidalitako mozio bat eta EAJk pentsioen inguruan aurkeztutako emendakin bat aho batez onartu egin ziren, Alderdi Popularraren zinegotzia salbu, ez baitzen agertu.

Hala ere, ezohiko izate horrek, alkateari galde-eskeak egitea eragotzi ziela kritikatu dute ere, “2020ko aurrekontuak bezalako hain gai garrantzitsuen inguruan informaziorik ez dagoelarik”.

“Haiek utzitakoa kudeatu”

Alkateak, Joseba Vivancok, berriz, EAJk utzitako herentziaren kontra jo du. “Hiru obra handi ditugu mahaiaren gainean: igerilekuen erreforma, herriaren ur horniketaren aldaketa, eta Gordelizeko ur sarearen lotura. 2019ko abenduaren 31rako amaituta egon beharko ziren hirurak, baina ez dira ezta hasi ere egin; hori da EAJk utzi digun herentzia”, leporatu die jeltzaleei.

Harira, EH Bilduk, EAJk utzitako lanaren kontura ez direla bizitzen ari azpimarratu nahi izan du Vicancok, “haiek utzitakoa kudeatzeaz baizik”.

“Ez da oso azkarra izan behar ulertzeko aurten egiten ari garena 2019ko aurrekontuekin dela, EAJk aurrera eramandako aurrekontua”, gehitu du alkateak. Amaitzeko, jeltzaleek utzitako herentzia “ezta haiei” ez dietela opa esan, eta EAJko kideak aurrekontuen eta udal kudeaketaren inguruan galdetzera “animatu” ditu Artziniegako EH Bilduko buruak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide