Akordioa erdietsi zuten atzo Arabako Batzar Nagusietako batzarrean, aho batez, A-624 errepidearen Artziniegako zatia eraikitzeko. Onartutako testuaren arabera, Foru Aldundia elkarlanean arituko da Artziniegako Udalarekin, errepide hori nola atondu zehazteko.
“Herrira sartzeko biribilgunetik Arteko Gure Amaren Santutegira doan bidea da”, zehaztu du Joseba Vivancok.
Alkatearen esanetan, honakoa izango da etorkizuneko obra horien helburua: “udaletxetik igerilekuetara doan bide zatian bere garaian egin zenaren antzeko zerbait egitea”.
Lan hori egitearen garrantzia nabarmendu du gobernuburu artziniegarrak, eta aurreratu du hori egiteko eskaera tramitatuko dutela Obretarako 2022-2023 Foru Planaren barruan.
Gauzak hala, lanak hemendik lau urtera bukatuak egotea aurreikusi du alkateak.
Vivancok azaldu duenez, Elkarrekin Araba/Ezker Anitza/Equo taldea izan zen gaia mugitzen hasi zena, Etnografia Museotik Arteko Gure Amako Santutegira doan bidean espaloirik ez dagoela argudiatuta. “Aldunditik erantzun zitzaien bertan ezin zela lan puntualik egin, obra integrala izan behar zela”.
Gauzak hala, mozioa aurkeztu zuen talde politikoak Batzar Nagusietan, eta erdibideko zuzenketa tramitatu zen gero, talde guztiek sinatutakoa.
Vivancok eskerrak eman nahi izan dizkie Elkarrekin Podemoseko kideei eta baita EH Bilduko zein gainontzeko talde politikoetako ordezkariei ere, proposamenarekin bat egiteagatik.
Hala ere, alkateak nabarmendu du errepidea Santxotena Museoraino edota Barretaguren auzoraino iristea eskatuko dutela.