Otsaileko udalbatzan onartu nahi dute aurtengo udal aurrekontua

Txabi Alvarado Bañares 2020ko urt. 16a, 13:52

Atzo egin zuten udal aurrekontuen lehen aurkezpen publikoa. / Unai Gotxi

Oposizioko taldeen eta herritarren ekarpenak jasotzen ari dira orain. Hainbat inbertsio egitea aurreikusi dute: aldaketa klimatikoaren aurkako plana osatzea, zenbait tokitako argiteria aldatzea, industriagunera zuntz optikoa eramatea, eskolako jantokia hobetzea eta kalistenia parkea eraikitzea, besteak beste.

Otsaileko Udal Osoko Bilkuran onartuko dute aurtengo udal aurrekontua, udal gobernuaren aurreikuspenen arabera.

“Atzo goizean bildu ginen oposizioko taldeekin, aurrekontu proiektua aurkezteko”, azaldu du Arkaitz San Jose zinegotziak, “arratsaldean herritarren aurrean aurkeztu genuen eta datorren astelehenean ere beste aurkezpen bat egingo dugu”.

Tokiko erakundearen webgunean ere jarri dute dokumentua eskura. “Hilaren 24ra arte egongo da ekarpenak egiteko epea. Batzorde bat egingo dugu gero, jasotako proposamen guztiak aztertzeko”. Gauzak hala, behin betiko aurrekontuak otsaileko Udal Osoko Bilkuran onartzea espero dute.

Inbertsio ugari
San Josek jakinarazi duenez, aurtengo aurrekontuak ez du aurreko legegintzaldiarekin “apurketarik” suposatuko: “Baina saiatu gara ahal dugun heinean gure irizpide politikoen araberako edo aurrean ditugun erronkei lotutako puntuak sartzen”.

Hainbat diru partida handitu dituztela nabarmendu du zinegotziak. “Jai, kirol, berdintasun eta kultura diru-laguntzak eta udalaren berezko partidak igo ditugu”.

Abesbatzen ziklo bat antolatzea ere dute buruan, Bleibetekin elkarlanean.

Proiektu berriak ere planteatu dituzte. Aldaketa klimatikoaren aurkako plana osatzea dute buruan, besteak beste. “Argiteria aldatzeko eta industriagunera zuntz optikoa eramateko diru partidak ere zehaztu ditugu”.

Eskolako jantokian ere egin nahi dituzte obrak, bertan sortzen den zarata murrizteko.

Barne mailan ere jardungo dute. “2005etik hona ez da udal lanpostuen eguneraketarik egin”, azaldu du San Josek, “badago bere lanpostuari ez dagokien lana egiten ari den jendea, eta aitortu behar da”. Gauzak hala, horri begirako planteamendua osatu nahi dute.

Irisgarritasuna hobetzeko ekintzak ere aurreikusi dituzte. “Alde zaharreko dorrean eta udaletxeko komunetan dauden oztopo arkitektonikoak kendu nahi ditugu”.

Horrez gain, kalistenia parkea “ahalik eta lasterren” eraikitzeko diru partida ere sartu dute aurrekontuetan. “Kiroldegiko tenis kantxen alboan egongo da azpiegitura hori”.

Hiru obra garrantzitsu
Inbertsio berriei soilik ez, aurreko urteetatik datozen “hiru proiektu garrantzitsuri” ere emango diete jarraipena: “fibrozementuzko hoditeria aldatuko dugu, Gordelizetik datorren ur kanalizazioa berrituko dugu eta igerilekuak berrituko ditugu. Horiek dira diru partida altuenak dituzten egitasmoak”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide