Artziniegako EAJk EH Bilduren gestioa “kontrolatzeko” herriaren hainbat puntu landu zuen pasa den asteko udalbatzan

Julen Solaun Martinez 2020ko urt. 22a, 07:00
Udalbatzaren antolaketa izan zen puntuetako bat. / Aiaraldea.eus

Oposizioko taldeak “herritarren arazoei erantzuna ematea” bilatzen duten hamar galdera egin zituen. Era berean, Glefaran enpresaren inguruan EH Bilduk jarritako mozioari emendakina jarri zion. Urtarrilaren 30eko greba kritikatu zuten ere, “politikoa” dela argudiatuta.

Artziniegako EAJk EH Bilduko udal gobernuari egindako “kontrol eta oposizio” lana azpimarratu du ohar batean, pasa den asteko udalbatzaren harira.

Horretarako, alkatetzari “Artziniegako biztanleen arazoei erantzuna ematea bilatzen duten hamar galdera” planteatu zizkion oposizioko taldeak.

Lehenengo galdera argiztapen publikoaren inguruan izan zen, herrian izandako sistema elektrikoko matxurak eta Axpeko “iluminazio eskasa” hizpide izanik; ea zer konponbide hartuko dituen galdetu zioten alkateari.

Horren harira, aurtengo Gabonetako programazioa eta argiztapen sistema kritikatu zituzten, aurreko urteetako “moztu eta itsatsi” bat izan dela eta gehiegizko kostua izan dutela argudiatuta, hurrenez hurren.

Hirugarren puntua Arteko Gure Amako eskolako sarrera izan zen, ate nagusia apurtuta baitago, eta ea konponbidea noiz emango zaion galdetu zuten.

Era berean, elizako kantoiko hesi berriaren instalazioa eskatu zuten, aurrekoak zoruan utzitako zuloen arriskuak gogoratu eta gero.

Udal eraikuntzek inspekzio teknikorik gainditu duten ere galdetu zuten jeltzaleek, baita museoaren bideragarritasun planaren egoera zein den ere.

Zazpigarren galderan, EH Bilduri udalbatzak deitzerako orduan ordena eta seriotasuna eskatu zioten, “haiek onartutakoa ez baitira betetzen ari”.

Zortzigarren puntua hilerriaren aurrean dagoen zipres siku batek ibiltarientzat dakarren “arriskua” izan zen, eta neurriak hartzea eskatu zuten EAJko ordezkariek, “ustekabeko bat izan baino lehen”.

Eguneko landa eremuko atentziorako zentroarekiko interesa ere plazaratu zuten. Azkenik, haizeteak direla eta, eroritako seinaleztapen zutoinen inguruko galdera egin zuten.

Urtarrilaren 30eko greba
Jeltzaleek urtarrilaren 30an egingo den greba orokorra gogor kritikatu zuten ere: “Greba politikoa dela ulertzen dugu, kolektibo batzuen lanaz aprobetxatzen saiatzen dena eta, batez ere, aurten Euskadin hauteskundeak daudelako egiten dena”.

Greban “pentsioak, gutxieneko soldatak eta murrizketak” nahasten direla gehitu zuten, Espainiako gobernuko konpetentzia direla nabarmentzearekin batera.

Amaitzeko, EH Bilduk Glefaran energia berriztagarrien enpresari buruz jarritako mozioari emendakina egin zion EAJk, PSE-EEren laguntzarekin.

Horretan, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailari emisioen kontrol lana egiten jarraitzea eskatu zuten.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide