"Frantziara etortzeko erabakia egokia izan zen, esperientzia ona izaten ari da"

Julen Solaun Martinez 2020ko ots. 17a, 09:00
Jonathan Camarak -erdian- Frantziako kopa irabazi zuen iaz. / Jonathan Camara (Facebook)

JONATHAN CAMARA (Artziniega, 1981) bere hirugarren denboraldia egiten ari da aurten areto futboleko Pariseko Sportingen. Espainiako eta Ingalaterrako ligetan egona da ere. Iaz titulu bat irabazi zuen Parisen: Frantziako kopa, eta aurten garaipena errepikatzeko helburua du. Nahiz eta aurten 39 urte beteko dituen , helburu pertsonal nagusia bere “maila hobetzea” dela aitortzen du. 

Hirugarren postuan zaudete, play-off postuetan. Zer balorazio egiten duzu momentu honetan?

Nahiz eta denboraldi hasiera kaskarra izan genuen, orain arteko balorazioa positiboa da. Bolada luze bat daramagu emaitza onak lortzen, eta horrek sailkapenaren goiko partean egotea ahalbidetu digu.

Tamalez, gure interesetarako behintzat, Frantziako federazioak play-offak kentzea erabaki zuen denboraldi honetan. Beraz, liga erregularra lehenengo postuan amaitzen duen taldea izango da txapelduna.

Zeintzuk dira taldearen helburu nagusiak denboraldi amaierari begira?

Taldearen helburu nagusia ligan aurreneko lauen artean sailkatzea da, eta kopako titulua berriro irabaztea.

Eta pertsonalak?

Pertsonalki, nire helburua beti da nire maila hobetzea.

Nola baloratzen duzu zure esperientzia Frantziako ligan?

Gaur egun, hona etortzeko erabakia egokia izan zelaren konbentzimendua dut, esperientzia ona izaten ari da. Beste kultura bat ezagutu dut, beste hizkuntza bat, beste areto futbol mota bat... Eta, gainera, titulu bat irabazi genuen pasa den denboraldian.

Atzerrian eman dituzu hainbat urte, herrialde eta liga ugaritan. Zer nabarmenduko zenuke esperientzia bakoitzaren inguruan?

Herrialde bakoitzak bere konplexutasuna dauka, eta ez bakarrik hizkuntzari edo jendearen ohiturei dagokienez, baita jokatzen den areto futbol estiloari dagokionez ere. 

Datorren denboraldiari begira, zein da zure asmoa?

Momentuz, denboraldi honetan nago zentratuta. Maiatza hurbildu ahala, hurrengo denboraldian pentsatzen hasiko naiz. 

Hainbat urte kanpoan eman eta gero, ba al duzu itzultzeko asmorik?

Urte asko eman nituen Espainiako ligan jokatzen. Beraz, ez da lehentasuna niretzako. Dena den, zer edo zer interesgarria ateratzen bada, zergatik ez?

Ligen arteko futbola jokatzeko eraren eta prestaera fisikoaren inguruko desberdintasunak aipatu dituzu. Zeintzuk dira Frantzian aurkitu dituzun ezaugarriak?

Oso liga fisikoa da eta arbitrajea malguagoa da. Teknikoki eta fisikoki oso onak diren jokalariak daude, baina taktikoki ez hainbeste. Hazkunde bete-betean dagoen liga da, urtez-urte.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide