Artziniegako 2020ko aurrekontuei zazpi emendakin egin zaizkio EAJtik. EH Bilduko udal gobernuko kudeaketa kritikatu dute ere jeltzaleek. Euren aburuz, momentuz iazko aurrekontuen luzapena egin baitute, nahiz eta gehiengo osoa izan. Argudio bezala, “kontabilitatean desorekak” sor daitezkeela aipatu dute oposizioko alderditik, eta aurrekontuak egiteko prozesu parte-hartzaileak egin ez izana ere kritikatu dute.
Lehenengo emendakina “pertsonal-gastuen aurrekontuko aurreikuspenen estimazioak zuzentzera” dago bideratuta. 2020rako %5,65eko igoera espero da iazko aurrekontuekin alderatuta, baina jeltzaleek “langileentzat ezarritakoaren gehikuntzari” soilik egokitzea eskatu dute.
“Berdintasuna bultzatzeko genero ikuspegidun udal-aurrekontuak egiteko”, baliabideak birbanatzea proposatu dute gizon eta emakumeen arteko “eskubide eta aukera berdintasunaren alde” lan egiteko, eta Berdintasun Jardueretara bideratutako aurrekontu partida 1.000 euro handitzea proposatu dute.
“Aurrekontuak egiteko metodo parte-hartzaileagoa” defendatu dute ere, “elkarte-mugimenduaren, herritarren eta alderdi politikoen presentzia zuzenarekin”, aurrekontuen “puntuak eta partidak xehetasunez landu ahal izateko”. Horren harira, udalak aurrekontuen %1 auzotarrek eta elkarteek proposatutako proiektuetara bideratzeko gordetzea eskatu dute ere.
Udal diru-laguntza publikoen atalean, kultura eta kirol jarduerak egiteko partida eskatu dute EAJtik, “jarduera guztiak diru-laguntzen deialdiaren bidez egin daitezen”. Bestalde, “hiri-altzariak berritzeko kapituluan”, hondakinak kudeatzeko “eredu jasangarri bat” proposatu nahi izan dute (birziklapen bereiziko hiri-paperontziak eskuratuta), baita hiri-altzariak erosteko aurrekontu partida 1.000 euro handitzea ere.
Artziniegako Museo Etnografikoari dagokionez, jeltzaleek esan dute ez dakitela zenbatekoa den “museoa irekitzeko gida-zerbitzuaren kostua”, momentuz 79.000 euro bakarrik baitaude aurreikusita: 50.00 Arabako Foru Aldundiatik, eta beste 29.000 euro udaletik.
Azkenik, inbertsioen inguruan egin dituzte proposamenak, iaz baino %28 gutxiago aurreikusi baita atal honetan. Honako bost neurri proposatu dituzte jeltzaleek: Ludoteka bat gaitzeko azterketa eta memoria ekonomikoa egitea, udal eraikinen EITak egiteko partida bat gaitzea, Geltoki Plazan haurrentzako jolas estalien gune bat sortzea, frontoiko aparkalekuaren alboko Vital Kutxaren lursaila erosteko dirua godetzea eta edukiontzien irlatxoak mugatzeko eta eusteko partida bat sortzea.