Artziniegako EAJk udal aurrekontuek “proiektu eta ideia propiorik” ez dutela kritikatu du

Julen Solaun Martinez 2020ko ots. 12a, 06:00

Iragan astean onartu ziren udal aurrekontuak. / Alberto Martinez Gutierrez-Barquin

Aurrekontuetarako eginiko proposamenetako “bat ere ez” dela kontuan hartu salatu dute jeltzaleek. Euren eskaerei “etengabe uko egitea” leporatu diote udal gobernuari. Alkateak, bere aldetik, “esan beharrekoak osoko bilkuretan esatea” eskatu dio EAJri.

Iragan astean onartutako udal-aurrekontuak kritikatu ditu EAJk, “proiektu eta ideiak propiorik” gabekoak direla argudiatuta. Horren harira, “genero berdintasuna bultzatzeko, parte hartze handiagoko metodoa defendatzeko eta diru-laguntza publikoak hobetzeko” zuzenketak aurkeztu zituztela adierazi dute jeltzaleek, baina “bakar bat ere ez” onartzea leporatu diote udal gobernuari.

Oposizioko alderdiak ohar batean zehaztu duenaren arabera, Alderdi Popularrak landutako “pare bat” proposamen bakarrik jorratu ziren udalbatzan. Gainera, Artziniegako EAJko bozeramaileak, Encina Castresanak, alkatetzak bere alderdiaren kontrako jarrera duela saltu du: “Gobernu taldearen xede bakarra EAJ den orori eta pertsona guztiei etengabe uko egitea dela ematen du”.

Aurrekontuen kontinuismoa ere egotzi diote jeltzaleek udal gobernuari, eta anbizio falta kritikatu dute ere: “Kontu hauekin agerian geratzen da ez dagoela etorkizunari eta herriak aurre egin beharreko erronkei begirako anbiziorik”.

Alkatearen erantzuna
Osoko bilkuran jaso ziren beste gaiei begira, EH Bilduk ustelkeriaren aurka borrokatzeko aurkeztu zuen mozioaren inguruko argibideak eman dituzte ere jeltzaleek, eta Eusko Jaurlaritzako justizia laguntzen jarraitzea defendatzen dutela azaldu dute. “Ez da beharrezkoa Bilduk eskatzea, egiten ari dira”, gehitu du Castresanak.

Bestalde, “udalerriko zenbait gunetako argiztapen eskasa” ere izan zuten hizpide plenoan, “Bizilagunen beldurra eta ezinegona” argudiatuta, oposizioko taldeak “luminariak berrikustea eta herritarrei segurtasuna sortuko dieten neurriak” aztertzea eskatu zuen. Etxebizitzetako lapurreten inguruan “ahal diren neurri guztiak” martxan jartzea eskatu zioten ere udal gobernuari.

Era berean, Artziniegako alkateak, Joseba Vivancok, “esan beharrekoak osoko bilkuretan esatea, eta ez prentsa oharretan”, eskatu die jeltzaleei. EAJren aurreko udal gobernuaren kudeaketa ere kritikatu du alkateak: “EAJko gobernua ez bezala, honako hau ez da gestio presidentzialista izaten ari, udal zereginetako banaketa definitua baitago, guztion elkarlanarekin”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide