Pediatria zerbitzua astean behin izatea eskatu dio udalak Arabako Foru Aldundiari

Julen Solaun Martinez 2020ko ots. 18a, 11:47
Osasun zentrorako hobekuntzak eskatu ditu alkateak. / Aiaraldea.eus

Arabako Foru Aldundiari egin dio udalak eskaera, 14 urtetik beherako populazioaren gorakada dela eta. Emagin zerbitzua ere astean behin izatea eskatu du tokiko erakundeak. Harrera-lekuaren eta itxarongelaren arteko banaketa egitea proposatu dute ere, langile eta pazienteen intimitatea bermatzeko.

Artziniegako osasun zentroan pediatria zerbitzua astean behin ezartzea eskatu dio udalak Arabako Foru Aldundiari. 14 urtetik beherako populazioa 270 biztanlekoa zen 2010ean, baina orain 310ekoa da, Joseba Vivancok azaldu duenez. Horregatik, “gutxienez egun batean” pediatria langileak egotea eskatu du alkateak, “adin-gabekoen jarraipen kontrolak egiteko” batez ere.

Herriko umeez gain, Aiarako hainbat herritako haurren ardura ere Artziniegako osasun zentroak duela gogoratu du Vivancok. Zentroaren bigarren solairuan kontsulta egiteko espazio nahikoa dagoela gaineratu du alkateak. Era berean, “emagin zerbitzua” egiteko moduko beste espazio libre bat dutela adierazi du gobernuburuak, eta astean behin zerbitzua eskaintzea ere eskatu dio Aldundiari.

Gainera, osasun zentroak gaur egun “intimitate falta” duela nabarmendu du alkateak, ez dagoelako harrera lekuen eta itxarongelaren arteko inolako banaketarik. Vivancoren arabera, solairu berean badago bi atalak banatzeko behar adina toki, eta “modu azkar eta eraginkorrean” konpondu ahal den arazoa dela gehitu du.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide