Saltokien itxieraren ondorioak arintzeko neurriak jarriko ditu Artziniegako Udalak

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko api. 11a, 08:00

Kolpe ekonomikoa leuntzeko zenbait neurri proposatu ditu udalak. / Aiaraldea.eus

Neurri ekonomiko sorta prestatu du tokiko erakundeak, oharrean zabaldu duenez. Udal zergetan hobariak izango dituzte pertsiana jaitsi behar izan dutenek, besteak beste.

Koronabirusaren ondorioz sortutako larrialdi egoerari aurre egiteko zenbait neurri aurkeztu ditu Artziniegako Udalak.

Merkatariei ez ezik, herriko familiei eragingo die aldaketak. Alde batetik, eguneko zentroko erabiltzaileei 3 otordu bermatuko dizkiete egunero, eta jantokiko eskola-beka dutenei oinarrizko elikagaiak eskaintzen zaizkie. Hala jakinarazi dute oharrean.

Merkataritza eta enpresa txikiek, berriz, zabor eta uraren tasen ordainketei aurre egiteko diru-laguntzak jasoko dituzte: "Zaborraren kasuan, lehenengoaren 2020ko seihilekoaren ordainagiriari dagokion hobaria emango da. Uraren kasuan, berriz, hobariak izango dira, gutxieneko edo gehieneko kontsumoaren arabera". Lonjen jabeek, aldiz, OHZ (Ondasun Higiezinen gaineko Zerga) %50 gutxiago izango dute, baita "Artziniegan erroldatutako autonomoek ere, alarma-estatuaren eraginpean daudela eta ibilgailua eguneroko lanean erabiltzen dutela egiaztatzen dutenek".

Ostalaritzari dagokionez, 120 euroko laguntza emango dute, "uztailean, abuztuan eta irailean terrazak jartzeagatik ordaindu beharrekoa, eta ez dira kobratuko udal ikastaroengatik dagozkien kuotak, etenda dauden bitartean". Igerilekuetako tabernaren alokairu kuotaren kobrantza ere baliogabetu dute itxierak irauten duen bitartean.

Joseba Vivanco alkatearen esanetan, "kolpea arintzen laguntzeko" abiatu dute ekimena. "Ildo horretan, EH Bilduren Udal Gobernuak kartel batzuk argitaratu ditu, egunero irekitzen duen saltokiak, elikadurakoak batez ere, krisi egoera honetan, hor egoten jarraitzen duelako, eta bertan erosten jarrai dezagun".

Neurriak EAJ eta PPri luzatu dizkiete dagoeneko, EH Bilduko kideak adierazi duenez, baita AEME tokiko merkatari elkarteari ere. "Alarma estatua denboran luzatzen bada, beste neurri batzuk ezartzea aztertuko du Artziniegak, hala nola ordainketak atzeratzea", aurreratu dute.

Babes ekimenak
Aiaraldeko beste herri batzuetan bezala, boluntario sare bat koordinatu du udalak erosketak eta abarrak bideratzeko, "eta aste honetan sare paralelo bat jarriko da abian, adineko pertsonekin tarte batez telefonoz hitz egiteko". Ez da hori izan egindako gauza bakarra, ordea: "Merkatari, egoitzako langile eta Etxeko Laguntza Zerbitzuko beharginei eskularruak eta babes pantailak eman dizkiegu".

Sare sozialen bidez zabalduko dituzte aurrerantzean ere informazioa eta jarraibideak. Bien bitartean, aisialdi dinamikekin jarraituko dute: literatur pasarte bilketa, pintxo-poteko etxeko argazkiak, konfinamendu testigantzak eta beste.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide