MEMORIA HISTORIKOA

Gerra Zibilean bonbardaketek Artziniega ere jo zuten

Julen Solaun Martinez 2020ko api. 20a, 07:00
Artziniega airetik ikusita, 1945ko argazki batean. Gorriz markatuta daude bonbak erori ziren tokiak. Berdez, ordea, aterpearen kokalekua. / Arseniega bloga

Nahiz eta Gernikako edo Durangoko bonbardaketen oihartzunik ez izan, gatazka Aiaraldeara heldu zen. Alberto Martinez Gutierrez-Barquinek ikertu ditu gertaerak.

Artziniegak, Espainia eta Euskal Herria osoko beste hainbat herrik bezala, bonbardaketak jasan zituen Guda Zibilean zehar, Alberto Martinez Gutierrez-Barquin bizilagunak eginiko ikerketa batean azaltzen denez. Nahiz eta beste herrietako erasoak (Gernika eta Durango, esaterako) bezain sonatua ez izan, bando nazionaleko hegazkinek lehergaiak jaurti zituzten herrian eta inguruko hainbat gunetan.

Bi bandoek, nazionalek eta errepublikaren aldekoek, Breguet XIX hegazkina, “Alcahuete” bezala ere ezagutua, erabiltzen zuten araketa hegazkin edo bonbaketari arin moduan. Hortaz, horrelako bat herritik pasatzen zen bakoitzean, kanpaiak jotzen zituzten eta biztanleek babesa bilatzen zuten.

Isabel Lopezek hirigunean hiru bonba bota zituztela adierazi zion ikerlariari:  Eskolako patioan (gaur egungo liburutegi eta nagusien egoitza), Garaitarren jauregiko kotxe-tokietan eta gaur egungo museoaren azpian dauden etxebizitzetan (abangoardiako ospitalea zen garaian). Jauregian, hain zuzen ere, gerlari errepublikarrak zeuden ostatatuta. Bonbardaketa hauek Sol egunkariko La Guerra en Euzkadin jazo ziren garai hartan.

Iturri pertsonalak ere erabili ditu Martinezek gatazka amaitu eta hainbat urtera zonaldean bonbak agertu izan zirela azaltzeko. Esaterako, Imanol Aretxabaletaren adierazpenak plazaratu ditu, nork aspaldi jaurtitako bonba baten eztandak Peñalban sutea hasi zuela ziurtatu zion. Dena den, ez dakite oraindik lurrera heldu zenetik zenbat denbora igaro zen eztanda egin arte, edota eztanda horren zergatiak zeintzuk izan ziren.

Bonbardaketei aurre egiteko, aipatu bezala, babes antiaereoak erabili zituzten herrian. Adibidez, Agustina mojetako komentuan bat eraiki zuten, nahiz eta ez dagoen argi nori ematen zion babesa: Artziniegako garaiko biztanleei, gudariei edo biei.

Norzagaraitarren etxea (gaur egungo Barrenkale kalean) lurpeko babes bezala erabili izan zuten, hormigoizko bodega bat baitzuen. Lehen zehaztutako Garaitarren jauregitik (printzipioz bonbardaketen kontrako beste babes bat han eraikita zegoela argitaratu zuten garaian, baina gaur egun ez dago horren frogarik) eta komentutik aparte, lurpeko beste hainbat bodega eta zulo ere erabili zituzten artziniegarren bizirauteko, hala nola Garabillako baserri bateko zuloa, Reteseko kobazuloa edo Axpeko urbanizazioko hormigoizko depositu bat.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide