Artziniegako Kutxabankeko sukurtsalak ateak irekiko ditu ekaineko lehenengo bi asteetan zehar, baina orain artekoa baino ordutegi murritzagoarekin. Hemendik aurrera, astearte eta ostiral goizetan soilik irekiko da 08:30etik 13:00etara. Joseba Vivanco alkateak sare sozialetan argitaratutako oharraren arabera, ordutegi horretan zehar leihatila eta kudeaketa zerbitzuak gauzatu ahalko dira.
Bulegoa pasa den martxoaren 12an itxi zuten eta geroztik ez da ireki. Horrek biztanleriaren ziurgabetasuna sortu du, alkatearen iritziz. Hala, zerbitzu murrizketa herriarentzako “atzera pausoa" dela nabarmendu du, Artziniegako banku bulego bakarra baita, eta herritar gehienei zerbitzua ematen baitio. Hortaz, herritarrak Amurrioko bulegora joan beharko dute aipatutako bi egunetatik aparte zerbitzu presentzialak behar izatekotan.
Joseba Vivanco Kutxabankekin harremanetan jarri zen, eta bankutik behin betiko ixteko asmorik ez zutela esan zioten. Ildo beretik, bulegoaren itxierak herrian sortutako ondoeza plazaratu zien alkateak, Facebooken aipatu duenez: "Biztanleen haserrea entitatearen pribatizazioaz geroztik hasi zen, arreta pertsonalizatua murriztu baititu zerbitzuak".