Uda ate joka egonik, igerilekuen eskaintza bolo-bolo dabil herritarren artean. Hargatik, Joseba Vivanco Artziniegako alkateak sare sozialetan aurreratu ditu udalak emango dituen pausoak. Izan ere, obrak egin dituzte aurten azpiegituran, eta uztailaren erdialdean bukatuko dituzte, enpresaren arabera. “Hortik aurrera, dena egoki egotea beharko dugu: arazketa sistemak zuzen funtzionatu behar du, Eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun arloaren baimena behar dugu ireki ahal izateko”, argitu du.
Beste oztopo bat ere izango dute akaso, alkateak aurreratu duenez: azken urteetan igerilekuak kudeatu dituen enpresari iazko udan bukatu zitzaion kontratua. “Lizitazioa jarri dugu abian berriro, baina epeak medio ez dakigu noiz ireki ahalko ditugun, ezta gastu ekonomikoaren zenbatekoa. Hala ere, etxeko lanak egiten jarraituko dugu, eta aurreko kontratua luzatzeko moduaren bila jarraituko dugu bien bitartean, nahiz eta oraindik zehazteke egon.
Irekiera baldintzak
Deseskalatze faseen ondorioz, edukiera mugatuarekin abiatu beharko dute zerbitzua: “Aurretiazko hitzorduaz hitz egiten da, txandez, bi metroko distantzia utzi beharraz zelai eta ur eremuetan.... Horrez gain, garbiketa eta sarbide protokoloak eta abar moldatu beharko dira”.
Edozelan ere, obrek baldintzatuko dute eremuaren irekiera data. Azkenik, “azalpen guzti hauekin artziniegarrekiko gardentasuna” izaten jarraitzeko konpromisoa berretsi du udalak.