Atzoko udalbatzak gai garrantzitsuen onarpena utzi zuen, ez-ohiko irudiarekin batera: udal aretoan ordezkari politikoen arteko distantziak errespetatu zituzten, hainbat aulki kokatuta eta sakabanatuta.
Horrez gain, publikoan 5 lagun besterik ez zituzten onartu, eta maskara eta eskuak garbitzea beharrezkoa izan zen.
Saioaren hasieran Aintzane Iturribarria EH Bilduko zinegotzi berriak kargua hartu zuen ofizialki, eta ASASAM elkartearen hitzarmenari bide eman zioten.
Gainera, udalerriko autonomoak diruz laguntzeko programa babestu zuten alderdi politiko guztiek, Covid-19 birusaren pandemiak eragindako kalte ekonomikoak ahalik eta gehien mugatzeko. Oposizioak aipatu zuen herriko negozioren bat geratu dela deialditik kanpo, eta alkateak azaldu zuen oso zaila zela arau bakarrean kasu oro jasotzea eta ahal izan duten guztia egin dutela.
Igerilekuetan lanak, uztailaren 15erako amaituta
Arazo burokratiko baten ondorioz, igerilekuen lanen 2. ziurtagiria eskuratu behar izan du Udalak, eta hori baliatu zuen EAJk azpiegituraren irekierari buruz galdetzeko.Pandemiaren ondorioz obrak atzeratu dira, besteak beste, atzerritik ekarri behar zuten pieza bat ezin zelako eskuratu.
Gauzak horrela, uztailaren 15ean bukatuko ditu enpresak lanak. Hori bai, gero dena funtzionamenduan jarri beharko dute, eta segurtasun plana zehaztu, erakundeen irizpideak beteta.
Alkateak argitu zuen euren asmoa irekitzea dela, "baina ezin dugu ziurtatu momentuz. Arauak egunez egun aldatzen dira eta gaur balio duenak agian bihar ez. Segurtasuna izango da elementurik garrantzitsuena eta hori bete beharko dugu".
Ur hornidura sarea
Gainerako puntuak bezala, ur hornidurari lotutakoak aho batez onartu ziren. Alde batetik, fibrozementuko hodiak ordezkatzeko kontratazio baldintzek oniritzia jaso zuten.
Bestetik, Gordelizen ur hornidura konektatzeko desjabetzek aurrera egin zuten, baita Barratxiko zubian lanak egiteko 1. faseak ere.
Udalekuak, liburutegia eta Arteko taberna
Udal Gobernu Taldearen jarduera kontrolatzeko txandan oposizioak hainbat galdera egin zuen. Besteak beste, aurten Jolas Txokoen ordez zerbait egingo ote den galdetu zuten.
Joseba Vivanco gobernuburuaren hitzetan, administrazioek baimenduta, zenbait txango egingo dituzte uztailean. Horretarako boluntarioak baliatuko dituzte: "herriko zenbait jendek jakinarazi digu ekintzak prestatzeko aukera dutela". Edonola ere, balizko ekintzak 9 urtetiko gorako umeei bideratuko dituzte.
Liburutegia zein nagusien eguneko zentroa hurrengo astean egongo dira berriro irekirik. Hori bai, erabiltzaileen kopurua erdira murriztuta eta behin segurtasun elementuak instalatuta.
Arteko tabernaren esleipenari buruz ere galdetu zuen EAJk. Joseba Vivancok erantzun zuen inork ez duela eskaintzarik egin. Izan ere, koronabirusaren ondorioz, interes gehien adierazi zuen pertsonak atzera egin du. "Gazte batzuek galdetu zuten horri buruz, baina, azkenean, dena geratu da bertan behera".
Alkateak argitu zuen herriko ostalariei ere eskaini zaiela tabernaren kudeaketa, baina inork ez duela bere gain hartu nahi izan. Saiakera gehiago egingo ditu udalak, antza.
Kutxabank
Erregu eta galderen txandan bertaratutako herritar batek informazioa eskatu zuen Kutxabankeko bulegoari buruz, itxita baitago eta kutxazain automatikoak ez du funtzionatu hainbat egunez.
Alkateak argitu zuen, berez, ekainaren 10etik Artziniegako bulegoa Amurriokoaren menpe dagoela. Hala, soilik irekiko dute bi egunez astero: asteartetan eta ostiraletan.
Hala ere, udalari jakinarazi diotenez, ekainaren erdialdian berriro irekiko dute bulegoa, baina PPko zinegotziak esan zuen berari iragarri diotela geroago izango dela.
Bide batez, alkateak argitu zuen banketxeak segurtasun arazoak izan dituela kutxazain automatikoarekin, eta erabiltzaileak entitatearekin harremanetan jarri behar direla, gehienetan udaletxera jotzen baitute, "eta Kutxabank erakunde pribatua da".