Umeentzako jolastokiak ireki ziren astelehenean berriz Artziniegan, alarma egoera amaitu eta normaltasun berria hasita. Dena den, COVID19a “oraindik ere gure artean dagoela” azpimarratu du tokiko erakundeak ohar baten bidez, gaixotasunarekiko ardura mantendu behar dela gehituta.
Nahiz eta hainbat muga eta murrizketa mantenduko diren, azpiegitura berriak eta erabilera publikoko lekuak irekitzeari ekin diote udalerrian, erabiltzaileei beharrezko higiene ohiturak eta babes neurriak mantentzea eskatuta betiere. Era berean, gune publiko horiek garbi daudela bermatzen jarraituko dutela zehaztu dute udaleko kideek.
Zehaztu dutenez, “udalak, ahal duen neurrian, goizeko lehen orduan desinfektatuko ditu haurrentzako jolas-guneak”. Hala ere, familiei “erantzukizuna” eskatu diete, edukierak, higienea eta segurtasun distantziak betetzen direla bermatzeko.