EUSKO LEGEBILTZARREKO HAUTESKUNDEAK

"Supermerkatuetako birjartzaileek, garraiolariek edota erizainek bizitza arriskatu dute pandemian, administrazio kontseiluko kideek ez dute ekarpenik egin"

Aitor Aspuru Saez 2020ko uzt. 3a, 10:11

Oskar Matute EH Bilduko diputatuak eta Eba Blanco Arabako zerrendako 2. hautagaiak hartu zuten atzo hitza Artziniegan koalizioaren aldeko botoa eskatzeko. COVID-19aren pandemiak eragindako krisialdia izan zuten hizpide, bereziki.

Garay plaza hautatu zuen atzo EH Bilduk hauteskunde kanpainako ekitaldia egiteko. Eba Blanco koalizioko 2. hautagai arabarra eta Oskar Matute diputatua izan ziren protagonista nagusiak.

Tokiko udal ordezkariek aurkeztu zuten mitina eta Eba Blancoren txanda izan zen lehenik eta behin. Amurriorrak Joseba Vivanco alkatearen ama gogoratu nahi izan zuen, COVID-19aren ondorioz hil baitzen martxoaren amaieran. Horren harira, senideak galdu dituen pertsona oro omendu nahi izan zuen Blancok, eta salatu zuen pandemiak agerian utzi duela sistemak ahuldade handiak dituela.

Horren arrazoia, EH Bilduko kidearen aburuz, da Eusko Jaurlaritzak porlana jartzen duela osasunaren gainetik eta horren adibide moduan, Amurrioko anbulatorio berria aipatu zuen: "Eraikina berria da, baina ez dago zerbitzu berririk". Zentzu horretan, Blancok goraipatu zituen zaintzetan zentratu diren pertsonak, bereziki emakumeak: "Lotsagarria da egun oraindik emakumezkoen eta gizonezkoen arteko soldata arrakala mantentzea, are gehiago eurek zaintzen pisua bere gain hartzen dutenean".

Egoera ekonomikoari erreparatuta, amurrioarrak azpimarratu zuen Aiaraldeko langabezia datuak okerragoak direla Araba edo Euskal Herriarekin alderatuta, eta horretarako eurek proposatutako industria plana eta eskualdeari buruzko ponentzia beharrezkoak direla nabarmendu zuen. Ponentzia horri dagokionez, Blancok ziurtatu zuen EAJk trabak besterik ez zituela jarri Eusko Legebiltzarrean lantzerako orduan.

Oskar Matuteren hitzartea

Oskar Matuteren txanda heldu zen gero, Joseba Vivanco alkateak aurkeztuta. Matute Artziniegako alkatea bera aipatzen hasi zen, pandemiaren alderik gogorrena bizi izan baitzuen. Berez, EH Bilduko ordezkariak errepikatu zuen COVID-19aren krisialdiak agerian utzi duela zein garrantzitsuak diren zaintzak: "Iñigo Urkulluk kontrakoa erakutsi arren, bizitza da garrantzitsuena, eta ez ekonomia. Urkulluk esaten du ezkertiarra dela, baina Confebasken agindura dago".

Izan ere, Matute oso kritikoa izan zen Lehendakariarekin eta EAJrekin bere hitzartzean: "Hemendik barre egiten dugu Madrilgo 'Cayetanoak' direla medio, baina jeltzaleak dira gure 'Cayetanoak'. Nagusien egoitzetan sartu dira negozioa egiteko, dirua ematen duelako, eta horren ondorioz pertsona asko hil dira".

Bide beretik, Matutek esan zuen enpresen administrazio kontseilariek ez diotela ekarpenik egin gizarteari koronabirusaren krisialdian, euren etxeetan goxo egon baitira eta, gainera, dirutza egin dute.

Ordea, alarma egoerak erakutsi du, Matuteren ustez, "birjartzaileek, garraiolariek edota erizainek ez dutela lotsarik izan behar euren lanpostuari buruz hitz egitean, ezinbestekoak direla probatu baitute".

Azkenik, Madrilen asteazkenean izandako saioari buruz mintzatu zen Oskar Matute eta gogor kritikatu zituen PSOE eta EAJ: "Batak lan erreforma bertan behera uztearen kontra bozkatu zuen eta bestea abstenitu zen, nahiz eta lan erreforma ona ez dela esaten duen". Halaber, jeltzaleekerreforma fiskalaren eta zabortegi irregularrak ez onartzearen kontra -Zaldibarrekoa bezalakoak- bozkatu zutela salatu zuen EH Bilduko diputatuak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide