Artziniegako jaiak antolatzeko bilera irekia egingo dute ostiral honetan, uztailak 17. Arratsaldeko seietan jarri dute hitzordua Artziniega Museoko anfiteatroan. Hiru segurtasun irizpide ezarri dituzte: maskara eramatea, distantziak mantentzea eta eserita egotea bilerak irauten duen bitartean.
“Jaiak antolatzeko deitu dugun lehen bilera izango da ostiralekoa”, azaldu dute jai batzordeko kideek. Aurreratu dutenez, bertan jasotako proposamenekin ekingo diote programa osatzeari. Badakite aurtengoak “jai ezberdinak” izan beharko direla nahitaez, koronabirusa prebenitzeko segurtasun neurri guztiak kontuak hartu beharko direlako jaiak antolatzerako orduan. “Aurtengo jaiak iraileko lehenengo bi asteburuetan izango ziren, baina gaur egungo egoerarekin ez dakigu jarduerak bi asteburuz luzatuko ditugun edo bakarrera mugatuko ditugun”. Gauzak hala, ostiraleko zita izango da zalantza horiek guztiak argitzeko lehen pausoa.