Abuztu erdialdera arte igerilekuetako obrak bukatuko ez dituela adierazi dio eraikuntza enpresak Artziniegako Udalari

Aitor Aspuru Saez 2020ko uzt. 16a, 14:30
Igerilekuetan gaur ateratako irudia. / Aiaraldea.eus

Udalak azaldu du bi astez bada ere, nahi duela igerilekuak irekitzea, bere funtzionamendua egokia dela ziurtatzeko eta epe motzean berriro esku ez hartzeko azpiegituretan.

Gaur izan da uztaileko udalbatza Artziniegan eta igerilekuen egoera izan da eztabaidagaia. Joseba Vivanco alkateak argitu du atzo egin zutela bilera eraikuntza enpresarekin eta horrek jakinarazi zuela obrak abuztuaren erdialdera arteluzatuko direla. Hau da, ekainean esandakoarekin alderatuta, hilabete beranduago egongo da azpiegitura prest.

Alkateak erantsi du lanak bukatu ostean, gainera, astebete beharrezkoa dela ziurtatzeko igerilekuen funtzionamendua egokia dela: "Ez dugu nahi hurrengo urtean arazoak agertzea. Hortaz, arazteko sistema eta abar patxadaz probatu nahi ditugu".

Obrak behin bukatuta, beste astebete beharko du udalak ziurtatzeko igerilekuen funtzionamendu zuzena.

Oposizioaren galderen aurrean, Vivancok argitu du EH Bilduren asmoa azpiegiturak irekitzea dela: "Ez dakigu zein izango den eredua, bi astez edo astebetez bakarrik ireki ahal badugu, agian doan izan beharko da. Edonola ere, esan bezala, tarte horretan denbora izango dugu lanak ondo egin dituztela bermatzeko".

Epe barruan, momentuz

Pandemiaren ondorioz, martxotik apirilera bitartean geldirik egon ziren obrak igerilekuetan, besteak beste, materialak ez zirelako heltzen atzerritik. Edonola ere, udal taldeek uste dute enpresak ez dituela behar beste langile bideratu lanetara.

Hori dela medio, udalak baloratuko du, kontratuaren arabera, zer nolako neurri har ditzakeen atzerapenagatik. Dena den, momentuz, epeen barruan ari da enpresa lanean.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide