Eskultura multzo berria, Artziniegako bizitza eta historiaren adierazle

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko uzt. 20a, 08:56

Larunbatean estreinatu zituzten Campilloko hiru eskulturak jendaurrean. Artziniegako artistek egin dituzte, herritarrek emandako material eta laguntzarekin.

Campilloko begiratokian kokatu dute eskultura multzoa. Lau piezaz osatua dago bilduma, eta Artziniegako sortzaileek egin dituzte beren-beregi herriko bizitza eta historia omentzeko. Benjamin Respaldiza apaizak proposatu zuen ideia iragan lege-agintaldian, eta 1.500€ bideratu ditu udalak gauzapenera.

Lau piezako multzoa

Lau ataletan banatu dute esanahia, baina denek dute zerbait komunean: udalerriko armarria irudikatzen dute batuz gero; hots, hiru dorre eta zuhaitza. Artziniegan duen garrantziagatik, artea da zuhaitza. Horrez gain, dorreek herriari lotutako elementuak dituzte goiko aldean: Arteko Gure Ama santutegia, Luciano kaleko aldapan zegoen defentsa dorrea, eta "Ordunte" hitza. Izan ere, "Ordunte" kontzeptuak ordezkatzen ditu Artziniegari lotutako Soxoguti, Erretes Tutera, Mendieta eta Santa Coloma herriak. 

Barne aldean, berriz, arteari lotutako Artziniegako hiru museoei egin diete tartea. Hala, Museo Etnografikoaren omenez laia ikusi daiteke dorreetako batean, arte sakroaren seinale den gurutze zahar bat, eta Santxotena museoak sortutako "emakume buru baten abstrakzioa".

Ekimena kolektiboa izan da, Artziniegako Udalak azaldu duenez. "Eskerrik asko atzo Alde Zaharreko eskulturen azalpenera bertaratu zinetenei, eta bereziki, esker handia haien autoreei zuen lanagatik Artziniegaren alde", erantsi dute sare sozialetan. Hain zuzen, ekimen parte hartzailea izan da. Benjamin Respaldiza sustatzaileak aurkezpenean kontatu zuenez, "herriak egin ditu eskulturak". Batzuek makinaria jarri dute, beste batzuek lurra, harria...

Lanak ikusgai daude asteburutik edonorentzat. Artziniegako bizitza, artea eta ondarea osasuntsu daudenaren adierazle.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide