IBILIAN

Artziniega, bitxikeria eta historiaren "hiriko atea"

Izar Mendiguren Cosgaya 2013ko abu. 30a, 13:23

Lurpeko upategiak, kartzela edota tranbia dira Artzinigako "historia ezkutuak". Aintzinako azokak bihurtu du azken urteetan Alde Zaharra kanpotarrentzat erakargarri. Hala ere, hiru kaleren barruan historia eta bitxikeria andana gordetzen da.

Alfonso X.ak, Jakintsuak, eman zion aitortza 1272. urtean Artziniega herriari. Orduan hasi zen Artziniegako historia idatzia, Alberto Gutierrez-Barquinen aburuz. "Hala ere, lehenago jendea bizi zen. Erromatarren harri batzuk aurkitu zituzten, eta Erreteseko koba batean 'Brontzezko alabak'", azaldu du. XV. mendetik gaur arte Alde Zaharraren itxura berdina izan da, jakin duenez. Almendra itxura du egiturak, eta hiru kalez osatua dago: Barrenkale, Artekale eta Goienkale. Urteak daramatza Gutierrez-Barquinek herriko historia biltzen, ikertzeko zaletasuna familiarengandik baitatorkio: "Amonak bere lehengusua gerran hil zela esan zidan". Mauthausenen (Austrian) hil zutela jakin zuen gerora. "Horrela hasi nintzen artxiboetan ikertzen".

Harresitutako herria
 
Gutierrez-Barquinen hitzetan, garaiko idazleek herria harresituta zegoela idatzi zuten, eta bi ate zituela. "Hiriko atea" da ezagunena, Barrenkalerekin muga egiten duena. XIX. mendean, "harresiak ez zirenean behar, udalak lur-sailak herritarrei utzi zizkien baratzak eta beste egiteko. Hor ronda bat zegoela jakin dugu pleito baten bidez, gauez ateak ixten zirela jartzen du agirian. Udaletxean daude adibide horiek".
 
Historiari bisita
 
"Hiriko Atea" eta pareko aldapa igarota, Ortiz de Molinillo dorrea da Artziniegako eraikinik esanguratsuena, Gutierrez-Barquinen iritziz. 1593. urtean eraiki zuten, atearen goiko partean ikus daitekeenez. Soxogutikoa zen sendia.Hango dorrea erre zitzaienean etorri ziren Artziniegara, eta gaur egun zutik dagoena eraiki". Aiarako dorrea izan zen aurrez, "Artziniega independizatu arte Aiarako jauntxoena baitzen". Aiarako defentsa dorrearekiko bi teoria daude, ordea: "Batzuek Goiko plazan zegoela diote, merkatuaren parean; eta, besteek hemen". 
 
Goiko plazan merkatua zen ezaguna. Asteazken eta igandetan izaten zuten hitzordua: "Elizak igandeetakoa kendu nahi zuen, baina Artziniegak 'pribilegio erreala' zuen, eta horregatik mantendu ahal izan zen". Burgoseko Mena haranetik ere bertaratzen zen jendea. "Bitxikeria gisa, Goiko plazako paretetan ganadua lotzeko elementuak daude".
 
Udaletxean kartzela
 
Gerra garaian, bando guztietako kideak egon ziren Artzinegan, Gutierrez-Barquinen aburuz. Horren lekuko da egungo "udaletxe zaharra", 1864. urtean kartzela izateko eraikia. "Ospitala, okindegia eta erabilera anitzeko aretoa bota zituzten eta horien harriekin harresia indartu". Udalak Diputazioari eskatu zion dirua horretarako. "Udaletxea kartzelari esker egin zuten", dio.  Aguazila bizi zen bertan.
 
Goiko plaza atzean utzita, egun mojak dauden eraikina dago. Monteano eta Oribe Salazarrek eratu zuten, baina hiltzean elizari eman zioten, alaba-semerik ez zutelako: "Dorrea izan zen, baina diru asko zutenez elizari eman zioten, eta konbentu bihurtu zuten". Ateko armarrietan Monteano eta Oribe Salazarren harrizko karikaturak ikusi daitezke, "hori diote, baina ez dago konprobatuta".
 
Gertakari garrantzitsuen lekuko izan da, ordea, etxea: "Karlos V.a -errege izan nahi zuena- bost egunez egon zen Artziniegan. Luxu guztiak eman zizkioten baina, diotenez, hemen galdu zuen lehen gerra, Artziniegako proklamagatik. Antza, ez zen diskurtso motibagarria izan, eta aginte-mandoetan euskaldunen ordez gaztelarrak hasi zen jartzen. Hor hasi zen gainbehera. Ez zen bataila bat izan, baina sozialki asko galdu zuten". Gerra Karlistaren ondoren heldu zen "modernitatea" herrira. Hargatik, kaleen izendapenak aldatzen hasi ziren, Correos kalearena kasu.
 
47 armarridun herria
 
Jauregi-etxez josia dago Artziniega. 47 armarri daude etxe, dorre eta elizetan. Ribacoaren etxekoa da, baina, politena, Gutierrez-Martineze nustez: "Jende asko Amerikara joan zen dirua egitera, eta gero  berriz itzultzen ziren". Herritarra izatea, baina, ez zen horren erraza: "Medikuak eta abar ere botatzen zituzten. Arbasoak bertakoak zituztela frogatu behar zuten agiriekin aitortza lortzeko, zuhaitz genealogikoarekin batik bat".
 
Bengoa dorrea da Artziniegako eraikin zaharrena, XV. mendekoa. Elizarako bidea jarraituta, aldiz, eskola zaharra dago. Mutilena zen ikastetxea, neskentzat beste bat zegoen -espazio alokatua- baina ez dira garai berekoak. Emakumeen eskola sortzeko lehiaketa bideratu zuten, eta Ursula Largatxa Soxogutiarrak irabazi zuen. "Ursularen soldata mutilen eskolakoena baino 3 aldiz txikiagoa zen, eta protesta egin zuen. Ez zioten arrazoia eman, baina lan-saria igo zioten". Dena den, ikasgaiak ez ziren berdinak eskoletan, "neskei joskintza irakasten zieten". Orain, liburutegia eta eguneko zentroa daude eskola ohiaren tokian.
 
Bitxikeriz jositako eliza
 
Elizak ere badu bere historia. Nuestra Señora de la Asuncion eliza zen, 1954. urtera arte: "Urte horretan Arteko Ama Birjina izendatu zuten, eta hortik aurrera jaiak irailean hasi ziren egiten. Nolabaiteko konpentsazio bategatik izendatu zuten. Izan ere, 1812an Arabako patroi-orde aitortu zuten, San Prudentziorekin batera". Gerora, ordea, titulu hori Estibalitzi eman zioten. Horregatik, agureek herriko jaiak abuztuan zirela diote. Artziniegako patroia mendeetan zehar Andra Mari izan da". 
 
Kanpaidorreak ere badu mamia. Ekaitza zetorrenean ere jotzen ziren kanpaiak, konjuruekin batera, kalteak usatzeko: "Errepublika garaian goizeko hiruretan jo behar izan zuen abisua kanpai-joleak, eta behin sekulako beldurra pasa zuen. Horregatik, apaizarengana joan zen biharamunean kexaka, horrenbeste sinesten bazuen hurrengoan bera joan zedila kanpaia jotzera esanez. Kalapita ederra sortu zen, inguruko kanpaijoleekin hitz egin baitzuen kanpai-joleak, eta sektoreko lehen greba izan zela esaten zuen".
 
Pasadizoak alboratuta, elizak artea ere gordetzen du bere barruan. Izan ere, Artziniegako margolariek pintatutakoak dira arkupeak: "Gazapoak dituzte. San Migelek, esaterako, garagardoa du eskutan, eta beste santu batek telefono mugikorra dauka. Nik bisita gidatuak egiten nituenean beti planteatzen nuen jolas bezala". Elizaren azken zatia, berriz, lehenbiziko udaletxea izandakoa da. Hargatik azpimarratzen du Gutierrez-Barquinek hiru udaletxe izan dituela Artziniegak, "eta hirurak existitzen dira oraindik, zutik daude".
 
Arabako tranbia bakarra
 
Arabako tranbia bakarra izan zuen Artziniegak, 1900 aldean: "Soduperaino zihoan. Euskal Herriko lurrun tranbia bakarra zen, gainera.  Artziniegako aldapan irauli egiten zen, ordea, eta behin emakume bat hil zen, eta horren ondorioz itxi zuten".
 
Bestalde, lurrazpiko upategiak ere begista litezke Alde Zaharreko eraikinetako batean. "Gerra garaian bonbardatua izan zen Artziniega. Eusko Jaurlaritzako ingeniari batek lurpeko upategia ikusi eta barne errefugio bihurtu zuten, herrian bandoa zabalduta. Kanpaia jotzen zutenean babestera etortzen ziren hona".
 
Mahastiek indar handia izan dute historian zehar herrian. Horren adibide da 1600. urte inguruan 50 puntu eman izana mahastiak babesteko, "eta sagardoa egitea zein ekartzea debekatu zuten ordenantzan". Historiazalearen hitzetan, Arabar Errioxan baino lehenago ekin zioten Artziniegan txakolina ekoizteari, idatzizko erreferentziei erreparatuz gero: "864. urtean dokumentatua dago Erretes Tuteran. Horrek ez du esan nahi beste toki batzuetan lehenago egiten ez zutenik, jasoa ez dagoela baizik".
 
Edozelan ere, Fraguatarren sutegia du Gutierrez Martinezek txoko kuttunenetako bat. Bertan bukatu ohi ditu bisita gidatuak, "hemen hasten delako aro berria". Izan ere, gurdientzat gurpilak egiten zituzten, XX. mende erdialdean karroekin bidaiatzea debekatu zuten arte. Ordutik aurrera, tresneriaren biltoki eta lehengo bizimoduaren erakusle bihurtu dute gunea, Artea elkartearen laguntzarekin: "Tresneria kendu eta sutegia bere garaian zegoen moduan aurkitu -eta utzi- zuten. Gainera, orain, errementariaren lana nolakoa zen erakusten dute igandero".
 
Alabaina, ezbairik gabe historia baino bizimodua ezagutu nahi duenarentzat, ezinbestekoa da Artziniega Museoa bisitatzea. Herriko boluntarioei esker, aintzinako ogibideak eta tresneria pilatu dituzte bertan, herriak historia eta bizitza dituenaren erakusle.
 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide