Gaur -abuztuak 18- ireki da alarma egoeran pertsiana jaitsi behar izan zuten Artziniegako saltoki, ostalaritza lokal eta enpresa txiki zein ertainentzako diru-laguntzetara aurkezteko epea. Udalak abiatu du egitasmoa, “merkatari eta enpresa txikiek izandako ondorioak arindu eta herrian jarduten jarraitzen laguntzeko”.
Hiru laguntza-ildo
Hiru laguntza-ildo planteatu ditu tokiko erakundeak. Lokalik gabeko autonomoek 700 euro jasoko dituzte. Euren jabegoko lokalean jarduten dutenei 850 euro emango zaizkie; eta alokairua ordaindu behar dutenek, aldiz, 1.200 euro jasoko dituzte.
Guztira 30.000 euro inbertitzea aurreikusi du udalak. Hala ere, erakundeak nabarmendu du pandemiak atzeratu egin dituela herriko merkataritza-sarea berrindartzeko planak.
Diru-laguntza deialdiaren oinarriak udalaren webgunean eta bulegoetan daude eskuragarri.