"Uraren erabilera arduratsua" egiteko eskatu du Artziniegako Udalak, matxura baten ondorioz. "Ur hornidura sareko puntu batean matxura handi bat konpondu zuten atzo; eta ondorioz, zerbitzua eten zen udalerriko zati handi batean". Unai Gotxi Kastrexana alkateordeak adierazi duenez, esku hartzea medio leku batzuetan presio falta nabari zen. "Sakonera handiko matxura izan da, eta ondorioz, ur asko galdu da konponketa bukatu arte".
Hori dela eta, udalaren ur horniketa gunea oso maila baxuan dago. Horregatik, "arazo handirik ez izateko" atzo eta gaur ur gutxi erabiltzeko eskakizuna egin du tokiko erakundeak. Egoeraren arrazoietako bat da Artziniegan uda garaian jende asko egon izana, alkatearen aburuz. Joseba Vivancok erantsi duenez, gaur goizean ur biltegia %20an zegoen: "%30 izatera iritsi behar gara. Atzo bezala, gaur ere ohikoan baino uraren erabilera kontrolatuagoa egin behar dugu. Hala ez balitz, bihar ere kontrolatzeko eskakizuna gauzatu beharko dugu". Izan ere, herriko zein kanpoko lagun ugari bizi dira uda garaian Artziniegan, "eta ur kontsumoa ohikoa baino handiagoa izaten ari da, horregatik agertu dira presio arazoak udalerriko guneren batean".
Azpiegiturak eta ur zerbitzua hobetzeko datozen hilabeteetan 7 tutu berrituko dituzte Artziniegan, alkateak nabarmendu duenez: "Horrekin arazoa konpondu beharko litzateke. Obra aurki esleituko dugu".