Guillermo Lopez eta Aritz Iturribarria, Arabako txapeldunak herri kiroletan

Aitor Aspuru Saez 2020ko ira. 1a, 10:10

Ostiralean Laudioko Alberto Acero plazan jokatu ziren herri kiroletako Arabako finaletako batzukl, eta Guillermo Lopez eta Aritz Iturribarria artziniegarrek eraman zituzten  txapelak zaku-eramatean eta lokotx bilketan.

Laudion jokatutako herri kiroletako Arabako finalek Artziniegako bi txapeldun utzi zituzten. Alde batetik, Guillermo Lopezek eskuratu zuen zaku-eramatean markarik onena, eta Aritz Iturribarriak,  gauza bera egin zuen lokotx bilketan. Lopez lehenengo aldiz izan da irabazlea, baina Iturribarriarentzat 8. txapela da 2013an lehiatzen hasi zenetik.

80 kilogramo bizkarrean

Guillermo Lopez pozik dagoela ziurtatu du: "Lehenengo aldiz irabazi dut, 7 edo 8 urtez parte hartu eta gero". Proba ez da samurra, ordea: kirolariek 80 kiloko zakua jarri behar dute bizkarrean, eta 120 metroko ibilbidea osatu ahalik eta lasterren.

Alberto Acero plazan ezin zituztenez 120 metroak zuzen zeharkatu -oholtzaren ondorioz- 20 metroko tartea prestatu zuten, eta 3 aldiz joan eta etorri ziren. Lopezek argitu du buelta ematea erronketako bat zela: "Hor zakua eror daiteke eta berriro bizkarrean jartzeko denbora ugari galtzen da. Berez, hori gertatu zitzaion Angel Gomez faboritoari, jausi egin zitzaion eta segundo garrantzitsuak galdu zituen".

Guillermo Lopezek arazo gabe bete zuen ibilbidea, erorketarik gabe, eta 37 segundotan amaitu zuen dena, ostiralean egindako onena, hain zuzen ere.

Guillermo Lopez lehenengoz izan da txapelduna zaku eramatean, baina Aritz Iturribarria 8 aldiz jarraian da irabazle Arabako lokotx biltzean

8. aldiz txapeldun

Aritz Iturribarriak, ordea, faboritoaren aurreikuspenak bete zituen; eta berriro txapeldun izan zen. Ezustea izan ez bazen ere, emaitza ontzat jo du Iturribarriak: "Irabaztearekin baino, urteak pasa eta gero hobeto egiten dudalako pozik nago. Proba hau da Euskal Herriko Txapelketan aritzeko irabazi behar dena -herrialde bakoitzeko lehenengo bi sailkatuek hartzen dute parte-. Proba horretan giro ona sortzen da eta maila altua ikusten da, sekula ez dut lortu irabaztea 8 urteetan. Baina aurten bizi ari garen egoerarekin ez dakit posible izango den egitea, momentuz ez dute datarik jarri".

Iturribarriak eskualdeko lasterketetan maiz ematen du izena. Esaterako, 2017an Arabako Mendi Lasterketako Kopa irabazi zuen, hortaz, abiadura eta erresistentzia lantzen ditu ohikoan: "Entrenamenduen aldetik, nahiko desberdina da prestaketa, baina pentsatzen dut lasterketetan ondo aritzen den edozeinek ondo egingo lukeela proba hau. Aurten, adibidez, lasterketak ez direnez egon, proba honetan gehiago zentratu naiz, entrenamendu laburragoak baina biziagoak eginda".

Artziniegarrak, hala ere, lehiatzea du gogoko eta horregatik lokotx biltzean aritzeko deia zabaldu du: "Pena da Araban hain parte hartze txikia egotea. Aurten 4 apuntatu gara, eta azken urteetako parte hartze altuenetarikoa izan da. Lehen aipatu dudan bezala, korrikan aritzen den edozeinek ondo egingo luke, eta eskualdean korrikalari asko daude, baita Gasteiz aldean ere. Proba gogorra da, baina 7 minutu inguru irauten ditu".

Berez, ostiraleko finalean Guillermo Lopez izan zuen aurrez aurre, baina Lopezek aitortu bezala, "ezinezko izan zen Aritzi irabaztea, oso ona da eta".

Finala Artziniegan

Asteburu honetan, igandean eguerdian hain zuzen, izango dira  Arabako trontza finalak Artziniegan. Alabaina, printzipioz, herriko kirolariek ez dute parte hartuko, ezin izan baitute ganoraz prestatu pandemiaren ondorioz.

Argazkiak: Egoitz Elorza eta Joseba Amondo

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide