Kutxabankek hilaren hasieran jakinazi zuen gaur (irailak 15) irekiko duela berriro Artziniegako bulegoa. Pandemia hasi zenetik itxita egon da, eta udan udal zergak ordaintzeko eman du soilik zerbitzua.
Bulegoaren itxiera luzeak ezinegona sortu zuen udalerrian, bertako banketxe bakarra baita. Uztaileko udalbatzan, esaterako, gaia plazaratu zuten eta udalak berak eskutitzak bidali zizkien Arabako Foru Aldundiari zein Kutxabankeko arduradunei herrian zegoen ardura adierazteko.
Gauzak horrela, Kutxabankek azaldu du irailaren erdialdean berriro emango duela zerbitzua Artziniegan. Hala ere, asteartetan eta ostiraletan soilik irekiko dituzte ateak. Ondorioz, eskainitako ordutegia nabarmen murriztuko dute, itxialdia baino lehen egunero irekitzen baitzuten.
Eskualdeko joera
Kutxabankek aurrez aurre egiten duen lana murrizteari ekin zion aspaldi Aiaraldean, eta ez bakarrik eskualdean. Berez, berriki, Zuian ere ekimena abiatu dute banketxearen bulegoak itxi ezin direla aldarrikatzeko.
Bankuaren prozedura hori nabarmenagoa da Araban, populazioa ez delako handia eta sakabanatuagoa dagoelako. Dena den, Aiaraldean hori ez da soilik herri txikietan islatu.
Zehazki, Vital Kutxa, BBK eta Kutxa -Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aurrezki kutxak- batu zirenetik eta kutxen legera moldatu zirenetik, zerbitzu publikoaren murrizketa ez da eten.
Laudion 5 bulego izatetik, 2 mantentzera igaro da erakundea. Hau da, presentzia %60an jaitsi da eta bezeroek sortzen dituzten ilaretan bistakoa da eragina. Zumalakarregi etorbidean zegoen bulegoa itxita dago jadanik, eta gauza bera gertatu da Latiorro eta Aretako egoitzekin.
Herri mobilizazioak
Latiorroko egoitza 2016ko urtarrilean itxi eta gero, urtebete beranduago komunikatu zuen Kutxabankek Areta eta Okondokoekin gauza bera egingo zuela, errentagarriak ez zirela argudiatuta.
Albistea amorruz jaso zuten Aretan eta plataforma sortu zuten erabakiaren kontra. Unai Llano egon zen bultzatzaileen artean: "Hemengo bezero gehienek 50 urte baino gehiago zituzten eta Laudioraino jo behar zuten funtsezko eragiketak betetzeko, horregatik piztu zen haserrea". Lehenengo urratsa mobilizatzea izan zen. Laudio eta Aretako egoitzen aurrean egin zituzten kontzentrazioak asteartero eta ostegunero bankuko arduradunekin bilera lortu arte.
Hitzordu horretara Okondoko bizilagunak ere batu ziren, baina Kutxabanken erantzuna argia izan zen. "Berriro irekitzeari ezezko borobila eman ziguten", argitu du Llanok.
Erakundeen babesa
Edonola ere, herritarrek ez zuten amore eman eta Laudioko eta Okondoko Udalen zein Aiarako Kuadrillaren babesa lortu eta gero, elkarretaratzeak sendotu zituzten.
Hori bai, azkenean, ahalegina ezer ezean geratu zen eta Kutxabankek ez zituen aldarrikapenak aintzat hartu. Erantzun moduan, Aretako hainbat bezerok erabaki zuten bankua uztea eta kontua ixtea, Unai Llanok adierazi duenez: "Laudiora joan behar zirenez, aukera gehiago zeuden eta hori izan zen modu bat entitatea zigortzeko, nolabait".
Murrizketa gehiago
Hain bistakoa ez bada ere, beste herri batzuetako zerbitzua ez da lehen zena. Amurrioko bezero batek honakoa adierazi dio Aiaraldea Hedabideari: "Langile bakarra egon ohi da arreta zerbitzurako eta horregatik osatzen dira ilarak. Horrez gain, kutxazaina, askotan, ez dabil".
Teorian, online zerbitzuek aukera ematen dute egoitzetara ez bertaratzeko, baina jende guztiak ez dauka jakintza maila bera edo konektatzeko aukera.
Kutxabankek aurrez aurre egiten duen lana murrizteari ekin zion aspaldi Aiaraldean, eta ez bakarrik eskualdean
Pribatizazio akusazioak
Estatu espainiarrean aurrezki kutxen artean egondako porrot ekonomikoen ondorioz, Europako Batasunak moldaketa ezarri zuen eta entitate horiek banku fundazioak bilakatzera behartu zituen.
Vital Kutxa, BBK eta Kutxa bankuak Kutxabanken batu ostean, erabaki zuten banku fundazio moduan eratzea. Horrek, eragile sozial askoren ustez, bereziki sindikatuen iritziz, kutxen pribatizazioa ekarri zuen eta emaitza ekonomikoei lehentasuna eman zitzaien, zerbitzu publikoa izatea alde batera utzita.
2020ko datuen zain, Kutxabankek 352,2 milioi euroko irabaziak izan zituen 2019an, 2018ko datuak %6an hobetuta.