“Segunda Vida” ekimeneko kideek oharra plazaratu dute Artziniegako herritarrei eskerrak emateko. “Aurten zuen laguntza izugarria izan da, zoragarria”. Nabarmendu dutenez, aurreko urteetan baino askoz arropa eta oinetako gehiago jaso dituzte, “eta hori asko nabaritu da loteak egiterako orduan”.
Zehaztu dutenez, 12 familiei -36 ume guztira- eskaintzen dizkiete eskuratutako jantziak, “Artziniegakoak eta inguruko udalerrietakoak”.
Arropa gehiagoren bila
Hala ere, familia horien beharrak asetu gabe daude oraindik. “8 urteko neurriko arropa behar duten bost neska daude. Horrenbeste dira ez dugula guztientzako arroparik”. Gauzak hala, eurekin harremanetan jartzeko gonbita luzatu diete tamaina horretako arropa duten eta dagoeneko behar ez duten bizilagunei. Ondorengo helbide elektronikoa baliatu daiteke horretarako: segundavidartziniega@gmail.com.